BERTSOTAN

Bertsoak elur eta izotz artean

Elur eta hotz dezente asteburu honetan, baina Arabako Kuadrilla arteko Txapelketak eta Bertso Sorta Kolektiboen sariketaren liga ezberdinek Arabako hainbat txoko berotu ditu.

Arabako Bertsozale Elkartetik honako kronikatxoa bidali digute, eta bertan ondo azaltzen da zelako giroa egon den.

Ostiralean, Gasteizko Gaztetxean jokatutako Gasteiz-Aiaraldeko ligako saioak eman zion hasiera taldeka jokatzen den Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketari. Tenperatura hotzak baina giro beroan bertso sortetako bi talde eta bat-bateko beste bi aritu ziren, saiora laurogeita hamar bertsozale inguru gerturatu zirelarik. Afaldu ostean, Beñat Goitia gai-jartzaileak hartu zuen hitza bertso idatzietako bi taldeak aurkezteko. Gasteizko Gaztetxea taldeak eta Aguraingo Gazte Asanbladakoek, papera eskuetan, ikuskizun polita eskaini zieten bertsozaleei. Horren ostean, bat-bateko saioari eman zioten hasiera, bi taldeen bertsolariek agur kolektiboan Ekaitz Samaniego, kartzelan dagoen Gasteizko Muinoko Katuak taldeko kidea aipatu zuten, “Samaniego, Samaniego, Ekaitz Samaniego etxean” leloa abestuz.

Txapelketak, Santa Ageda bezperako eguerdian, Zalduondoko Zeledon Txiki elkartera salto egin zuen, eta bertan Zalduondoko Zeledonen seme-alabak eta Aguraingo Sorginetxe taldeetakoak nor baino nor lehiatu ziren beraien Lautada-Arabako Errioxa ligako lehen garaipena lortu nahian.

Hasteko, Barrundiako Mintzalagunak eta Araiako Gaztetxekoak taldeetakoek bertso idatziak kantatu zituzten. Bigarren partean, Zalduondokoak eta Aguraingoak aritu ziren, nor baino nor. Txistu guztien gainetik eta txalo guztien azpitik, Aguraingo sorginek irabazi zuten.

Zuiako ligak ere larunbatean hasi behar zuen, baina elurraren ondorioz Izarrako taldeak ezin izan zuen Aramaiora iritsi eta zoritxarrez saioa bertan behera gelditu zen. Eta asteburuko azkeneko saioa, Gasteizko ligako lehena, igande eguerdian jokatu zen. Gasteizko Kakiturri-Ehari taldea eta Gasteizko Errexala taldeak aritu ziren bat-batean eta Aldapazaleak eta Bertsoaren Saltsan taldeak bertso sorten lehiaketan. Kakiturri-Ehari elkartea bete zuten berrogeita hamar bertsozaleren aurrean. Kakiturri-Ehari taldeak irabazi zuen etxean jokatutako lehenengo saio hau.
Datorren asteburuan saio gehiago izango dira. Jakingarri guztiak hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button