
Bilboko Udalak, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, abian jarri du berriro ere Harrapazank euskarazko gazte-aisialdiko programa. Aurtengo goiburua harrapatu zure aukera! izango da. Programa horrek ere berdintasuna, inklusioa, dibertsitatea edo osasuna gaiak lantzen ditu.
Programa honen xedea da 10 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrek “euskara ezagutu eta erabiltzea aisialdiko jardueretan, eta era horretan, beren guneetan eta denbora librean euskararen alderako motibazioa eta euskararen erabilera indartzea”.
Aurtengo Harrapazank programak 16 tailer erakargarri eskainiko ditu, tartean, akrobazia aereoak, songwriter, antzerki musikala, graffitia eta abar. Gainera, Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gazte sortzaileek aukera izango dute Eszena izeneko talentuen lehiaketan parte hartzeko. Klikazank da urteko beste proposamen bat. Rocket league txapelketa bat da, bideo-jokoetan oinarritua.
Jakingarri guztiak harrapazank.eus webgunean dituzue.



