IKUS-ENTZUN

Kresala zineklubak martxoko programazioa abiatuko du gaur

Donostiako Kresala zineklubak martxoko programazioa ondu du, eta emakume zinemagile askoren lanez osatuta egongo da. Sandra Wollner, Estibaliz Urresola Solagure eta Emma Seligman zuzendarien obrak aukeratu dituzte pantailan proiektatzeko. Beraiekin batera, John Cassavetes eta Wong Kar-Wai zuzendarien lanak ere ikusgai izango dira.

Gaur, martxoak 2, abiatuko da ekimen zinematografikoa Sandra Wollner zuzendariaren The trouble with being born filmarekin. “Elli androidea, aita deitzen dion gizon batekin bizi da. Oporrak eta gizonak programatutako beste edozer gogoratzeko gai da. Gau batean, basoan sartuko da Elli, oihartzun desagerkor bati jarraituz. Sastraka artean galduta, norbaitek aurkitu eta etxera eramango du. Makina baten eta denok barruan daramatzagun mamuen istorioa da hau.”

Hurrengo emanaldia martxoaren 9an programatu da bi lanen proiekzioarekin: Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariaren Polvo Somos laburra, eta Emma Seligman zuzendariaren Shiva Baby filma. Lehenengoan jaioterrira itzuli da Ane ezustean, aitonaren hiletan egoteko. Itzultzearekin batera, familiako emakumeekin berriz elkartzeak eragindako tentsioak biziko ditu. Itxura arraroa hartuko du guztiak orduan, ehorztetxean irregulartasunak susmatzen hasten denean. Bigarren lanaren trama honakoa duzue: emakume gazte bat bere buruaren bertsio ezberdinei eusten saiatzen da. Halako batean, Shiv’ah batean gurasoekin dagoela, bere maitale aberatsarekin eta neska-lagun ohiarekin topo egingo du.

John Cassavetes estatubatuarraren Shadows (1959) filmak (martxoaren 16an), eta Wong Kar-Wai zuzendariaren Days Of Being Wild (1990) filmak osatuko dute hil honetako programazioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button