MUSIKA

Baobabs Will Destroy Your Planet eta Sorkun, Donostian

Larunbat honetan, apirilak 23, Baobabs Will Destroy Your Planet eta Sorkun izango dira Doka Kafe Antzokian, 20:00etan.

Baobabs Will Destroy Your Planet taldea duela bi urte jaio zen Iruñean. Sari batekin jarraitu zuten kideek: Bilboko Kafe Antzokiak Gazteako Maketa Lehiaketaren sari berezia. Joan den urtean EPa grabatu zuten, eta aurten beren lehen diskoa grabatu dute Londreseko Abbey Road estudioetan, Iñaki Llanerarekin. Diskoa jaso berri dugu Nontzeberrin.
Erreberberazioek eta teklatuek 80. hamarkadara garamatzate, baina taldeak badu mende honetako oso gaurko egiten duen zerbait. Kantu hauek nortasun bat islatzen dute, izaera bat, eta hori bada zerbait.
Kontzertu batzuk dituzte aurretik: maiatzaren 7an, Tolosako Bonberenean; 14an, Iruñean (Subsuelo); ekainaren 5ean, Madrilen; eta 11an, Iruñean.

Beste aldetik, Sorkun musikariak Ziklomorphosia diskoa aurkezten dabil toki askotan. Erritmo beltz itsaskor eta dantzagarriekin jositako hamaika kantu bildu ditu diskoan: soul, funk, jazz, reggae… Sorkunek rock eremutik aldentzeko asmoa agertu eta lortu du, grabazio iradokitzaile honen bidez. Ziklomorphosia-rekin Sorkunek estilo jauzi izugarria egin du. “Pentsa dezakegu urte hauetan guztietan soinuekin, soinu beltzekin esango  nuke, izandako enpatiaren emaitza dela, baina sorpresa izugarri hartuko du diskoa entzuten duenak, proposamen estilizatu betekin topo egingo baitu, orain arte Sorkunek eskaini digunarekin konparatuta, guztiz ezberdina dena”, azaldu zuen Jose Joaquin Frocada Forki kazetariak, diskoaren promozio-orrian, eta bete-betean asmatu du.
Eider Rodriguez idazlea arduratu da hitzez (Sorkunenak eta Harkaitz Canorenak ere badira). Diskoak bitxikeria bat ere gordetzen du: Howlin’ Wolf-en Spoonful blues klasikoaren bertsioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button