BESTELAKOAK

Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan

AlhóndigaBilbaok Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan izeneko ikastaroa ondu du, urriaren 24tik 26ra, Xabier Arakistain arte komisario eta Lourdes Mendez Artearen Antropologiako katedradunaren zuzendaritzapean.

Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, non ikuspegi feministetatik abiatuta, ekoizpen artistikoaren arloan gertatzen denari buruzko jakintza kritikoa bermatzeko teorizazioa egingo den.

“Jakintza kritiko guztiak bezala, XX. mende erdialdetik eraikitzen ari den jakintza feminista deserosoa da. Deserosoa da ekoizpen artistikoko arloen mistifikazioa salatzen duelako, arlo horien egitura sexistak agerian jartzen dituelako, sexuak, etnizitateak, arrazak eta jendarte-mailak haiengan duten eragina aztertzen duelako, artistak sexuko harreman sozialen bilbean kokatu eta onarpen desberdinen arrazoiak ulertzeko bidea argitzen duelako, arteari buruz androzentriko eta etnozentrikoki lerratuak diren kontakizunak bortxaz ezartzen direla salatzen duelako, eta ideatikoki aratz eta garbiak diren ekoizpen artistikoko arlo batzuei buruzko sinesmen faltsuei aurre egiten dielako”

Ikastaroak, alde batetik, ikertzaile feministek sexista ez den jakintza eraikitzen jarraitzeko arazo historikoak, teorikoak eta politikoak aztertuko ditu.

Ostiralean, urriak 24, besteak beste,  María Xosé Agraren eta Kajsa Dahlbergen hitzaldiak programatu dira. Larunbatean, Soledad Novoaren, Margaret Harrisonen, Marie-Josèphe Bonneten, eta Haizea Barcenillaren hitzaldiak entzun ahalko dira. Igandean, urriak 26, Carol Duncanen hitzaldiaren ostean mahai-ingurua eratuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button