
Aguraingo Udalak eta XabiGune Kultur Elkarteak antolaturik, JazzHerrian jaialdiaren hamargarren edizioa egiten ari da Agurainen. Betiko legez, kalitate ezaguneko taldeak izango dira asteroko kontzertu horietan parte hartuko dutenak.
Joan den asteburuan hasi zen jaialdia Nhil proiektuarekin. Ostiralean izango da beste kontzertu bat Nirek Mokar musikariarekin. Musikari gaztea da Nirek Mokar (20 urte). Gaztetan Boogie-Woogie estiloko espezialista handi guztiak entzuteko aukera izan zuen, eta pianoarekin maitemindu zen, eta berehala bihurtu zen Paris osoko Boogiezale sutsuen ume mimatua. Ez du bakarrik jotzen: Boogie Messengers taldearekin ari da. Azken aldi honetan, Master Class moduko saioak eta Blues lantegiak ematen hasi da.
Hurrengo egunean, hilak 15, Bluedays taldearen txanda izango da. Eskarmentu handiko banda bat da eta ibilbide luzea du atzean (bost disko ditu merkatuan). Azken diskoak, 20 izenburua duenak, ederki frogatzen du estudioko grabazio batek zuzeneko berotasunaren potentzia osoa har dezakeela. Hegoaldea eta Mexikoko muga bustitzen dituen nahasketa musikalaren eragina dute. Blues latino bete-betea!! Musikari profesional onak dira, toki eta tamaina guztietako areto eta jaialdietan arituak; zuzeneko kontzertu ikaragarri onak ematen dituzte, eta ikuskizun eszeniko dibertigarri eta sutsua dute.
Datorren hitzorduetan honako musikariek hartuko dute parte: uztailaren 21ean, Gonzalo Portugal (Bilbo); 22an, Hendrik Röver & Los Míticos GTs (Kantabria); eta 30ean, The Lucky Makers (Madril).