BESTELAKOAK

Ekiza musikaria eta “Isturitzetik Etiopian barrena” emanaldia, Bilboko Bira gunean

Bilboko alde zaharrean kokatuta dagoen Bira kultur guneak hil honetako egitaraua iragarri du. Programa horretan, Ekiza musikariaren emanaldia, irailak 14, eta Beñat Goitia gasteiztarrak sortutako Isturitzetik Etiopian barrena ikuskizuna nabarmentzen dira, irailak 20. Azken horrek musika eta literatura eta zinea uztartzen ditu, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia lanetatik abiatuta.

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) 2016an kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. 2017an, halaber, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu zuen. Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Bestalde, Isturitzetik Etiopian barrena Beñat Goitia gasteiztarrak sortutako ikuskizuna da, zeinetan musika, literatura eta zinea batzen diren. Bidaia garrantzitsu baten kronika irudizkoa. Tartean Joxanton Artzeren testuak ere irakurriko ditu egileak. “Isturitzetik Etiopiarako, des-paradisurako, deserturako, azken finean, heriotzarako bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da, azken eztanda jasan arte”.

Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia lanetatik hartutako hainbat pasarte entzungo dira. “Bi belaunaldi, bi abangoardiazko lan entzule gaztearen kezketara egokiturik”. Musika ere ez da faltako. Adrian Puck DJ gasteiztarraren elektronika gordinak nahastuko dira Beñat Goitiaren gitarra sesio intimoekin, eta hori guztia, hainbat filmetatik ateratako samplerrekin nahastuko dira. Gainera, Aitor Zarzuelo lasartearrak zuzenduriko Desparadisua film laburrak zirkuluen gordintasunean barneratuko du ikuslea.

Bi ekitaldi horiez gainera, Bilboko Kelta Collective taldeak Ceilidh tailerra aurkeztuko du, hilaren 27an, eta Hiri Galduak bandak, halaber, kontzertua emango du, irailaren 28an, iaz plazaratutako Paititi diskoa aurkezteko asmoz.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button