ARTEA

Kimia Kamvari artistaren “Alef” erakusketa, Donostian

Kimia Kamvari artistaren Alef erakusketa aurkeztu dute, Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren Artea abian proiektuaren baitan. Erakusketa museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da azaroaren 25etik otsailaren 5era arte.

Ekimen horren bidez, “Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak laguntza eta babesa eskaini nahi diete, beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan egonik, beren obraren aurkezpen monografiko bati heltzeko behar adinako esperientzia duten artistei. Helburu nagusia zera da, artista horiei gune instituzional batean edo museo batean lehen erakusketa indibidual bat egiteko aukera ematea, arte plastikoen eta ikusmen-arteen testuinguruan nabari den premia bati erantzun bat eman nahian, artisten erakusketetarako guneak eta aukerak abian jarriz”.

Kimia Kamvariren Alef erakusketa bi zatitan antolaturik dago. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen argazkiak ateratzen Irango lautadetan, eta fenomeno geologiko honen 73 argazki bildu zituen. Eta bigarren zatia zuhaitz baten inguruan ardazturik dago. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan.

Alef persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta El Aleph ere Borgesen ipuin ezaguna da. Kasu honetan, hasiera sinbolizatzen du, “aukera amaigabeak biltzen dituen energia”.

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egin du EHUn. 2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran) eta Cristina Enean (Donostia). Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken lanak material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren hibridazioarekin sortu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button