MUSIKA

Emon, ahalik eta iskanbilarik handiena

Emon taldeak Sua (Baga Biga) izenburuko lana berria aurkeztu du gaur goizean. Diskoak taldearen ohiko ildoa jorratzen du, baina oraingoan ekoizpen lan handiagoa egin dute, eta bestelako musikak eta instrumentuak erantsi diote soinu-jario festazaleari: cumbia, merengue, pianoak, perkusioak, rap… betiere, zuzenekoetara begira, Ritxi Aizpuru diskoetxearen esanetan, taldearen jomuga kontzertuak baitira: “Iskanbila handiena sortzea eta ahalik eta jende gehiena biltzea, gerri-erritmoa dantzatzeko”.

Aurkezpen ekitaldian lau taldekide izan dira, eta diskoaz gain, beste nobedade garrantzitsu bat ere iragarri dute: zortzikote izatetik, bederatzi lagun izatera igaro dira, “naturaltasunez”. Izan ere, perkusionista kubatar bat sartu da proiektuan. “Perkusioak eta pianoa behar genituen, eta orain bederatzi gara; hortaz, zuzenekoak oso desberdinak izango dira, bestea gauza bat ikusiko da”, esan du Aritz Alustiza trikitilariak.

Eneko Longarte abeslari eta gitarra jotzaileak azaldu duenez, kantuak egiten joan diren heinean, “bestelako ñabardurak” sartzen joan dira; hala, taldearen soinuari osagai berriak gehitu dizkiote. Hori dela eta, estudioan ordu asko sartu dituzte. “Aurrekoarekin alderatuta, oraingoan estudioko lan handiagoa egin dugu, ukitu berriak borobiltzeko: lehenengo entzunaldian nabaritzen da. Prozesu horretan, gainera, asko ikasi dugu”. Horren harira, Aizpuruk gaineratu du, trikiak aurreko lanetan garrantzi gehiago zeukala.

Diskoa, Mutrikuko AME estudioan grabatu dute, eta ekoizpenaz taldea bera eta Axular Arizmendi arduratu dira. Estudiotik lagun asko igaro dira; tartean, Sergio Patxuko, Selektah Kolektiboko Manugaitz Wanka, edo Amets Arzallus Eltzetik eta Altzotik kantuaren hitzetan. “Lagunartean egindako lana da”, azpimarratu du Aritzek.

Diskoa Durangoko Ahotseneako gunean aurkeztuko dute, igandean, abenduak 7, 13:00etan. Horrekin batera, urtarriletik aurrera Euskal Herrian barrena arituko dira lan berria aurkezten, eta Kataluniatik ere bira txiki bat ere egingo dute; Bartzelonako Apolo aretoan joko dute, besteak beste. “Helburua kanpora ateratzea da”, nabarmendu du Aritzek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button