
Kerobia taldeak 24.650 euro jaso ditu crowdfunding finantzazio sistemaren bidez Supernova lan berria gauzatzeko. Hala, 800 zale inguruk 29 euro jarri dute nafarrek Supernova osatuko duten CDa, DVD dokumentala, liburua eta murala eskuratzeko.
Bost disko eta gero, nafarrek iragan apirilean iragarri zuten lan berria crowdfunding (mesenazgo txikien bidezko finantzazioa) bidez gauzatu nahi zutela. Deialdi horren bidez jakinarazi zuten 29 euro jartzen zuenak Supernova osatuko zuten CDa, DVD dokumentala, liburua eta mural handi baten zati bat jasoko zituela, alegia, Supernova lan berria. Horrela, ekainaren 30ean dagoeneko 760 inbertitzaile zituzten.
Taldeak honezkero doinu berriak grabatu ditu Lorentzo Records estudioetan Aitor Ariño teknikariaren laguntzarekin eta egun kantuok nahasten ari dira. Era berean, Supernova osatuko duten gainontzeko elementuak lantzen ere ari dira. Taldearen asmoa abenduan kaleratzea da (1.000 ale). Taldekideek iragarri dutenez, musikalki aldaketa nabarmena dago lan berrian.
Taldearen webgunearen bidez eskerrak eman dizkiete jarraitzaileei: “Supernova egi bihurtu da, eta aurrera aterako da zuei esker! Orain gure txanda da. Lanean burubelarri jarriko gara guregan jarri duzuen konfidantzari erantzun on bat emateko. Kerobiaren izenean gure eskerrik beroena bidali nahi dizuegu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu lan honek zuen espektatiba bete dezan”.



