Herria lanak munduko makina bat hiritan grabaturiko 23 kantu ezagun biltzen ditu, hala nola, Egun da Santi Mamiña Navajo indioen ahots eta danborrekin grabaturikoa, eta Boga Boga doinu tradizionala New Yorken jasoa Dave Douglas jazz musikari handiarekin. Nolanahi ere lan honetan parte hartu duten kolaboratzaileen artean ez dago izen ezagun askorik. "Hautu hori egin nuen, izenak baino talentu handiko musikariak daude lan honetan". Aipatzekoa ere bada, Amerikako Estatu Batuetako San Antonio hirian Flaco Jimenez eta Steve Jordanen tex-mex estiloko musikariekin bildutako grabazioa. Hiri zerrenda, baina, ez da hor amaitzen, Atenas, Casablanca, Boise, edo Pariseko musikariekin grabaturiko kantuak ere jasotzen dira Herria disko bikoitzean. "Hiri hauek zabalak dira, amaiezinak", esan du bertako musikari eta soinuak aipatuz.
Trilogiaren azken zati hau aurrekoak baino askotarikoagoa da, "sonoriotate eklektikoak" jasotzen ditu, "soinu bitxiagoak, eta berriak" gordetzen ditu, tartean, Hawaiko ukelelea, eta Australiako didgeridoo-a. "Doinu libreak dira, musikariek euren ekarpena egin dute nire inposiziorik gabe", nabarmendu du.
Trilogiari dakionez, zaila egiten zaio hiruretatik bat aukeratzea, osotasunean hartzen baitu egitasmoz. "Harro nago hiru proiektuez, itzela izan da", esan du emozioz beteta. Izan ere, hiru zatiko proiektu erraldoi honen zenbakiak ikaragarriak dira: 155 abeslari, 128 musikari, 17 ekoizle, 53 tekniaakri, 38 estudio, 49 herrialde, 15 argazkilari, 16 kamera eta 74 kantu. Junkerak amaitu du esaten, egitasmoak jende arruntaren arteko topaketa bilatu duela, "kasu honetan musikaren eta kantuen bitartez". Bere saiakera "desertu handi bateko alea" baino ez dela esan du, "orain jende gehiagok ezagutzen du euskal musika, baina ez da nire asmoa euskal musika zabaltzea, egitea baizik".
Amaitzeko Kepa Junkerak aurkezpen ekitaldian izandako guztiak agurtu eta eskerrak eman dizkie erabat hunkituta bere lantaldeko profesional, senide eta lagunei.
Nontzeberri