LITERATURA

Joseba Sarrionandiaren “Narrazio guztiak (1979-1990)”

Durangoko Azokarako agertu den perla horietariko bat duzue hemengo hau: Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990).

Ipuingintza modernoaren sorrera markatu duen libururik baldin bada, euskaraz, hori Narrazioak izan da, Joseba Sarrionandiak 1983an kaleraturiko kontakizun-bilduma, sentsibilitate berri bat ekarri zuena erabilitako hizkuntzan, kontaeran nahiz gaietan. Hizkera berri bat landu zuen, dotore bezain adierazkorra, kolorez eta oihartzunez betea; teknikan, berriz, esperimentaziotik fantasiaraino egiten zuen, hango eta hemengo erreferentzia literarioz zipriztinduta; kokalekurako, azkenik, nonahi eta noiznahiko giroak azaltzen ziren, bidaia exotikoak zein haur begiz oroituriko baserri-bazterrak.

80ko hamarkadan hiru ipuin-bilduma kaleratu zituen iurretarrak: aipaturiko Narrazioak, Atabala eta euria (1985) eta Ipar aldeko orduak (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, orain arte haren liburuetan inoiz sartu gabekoak. Leku desberdinetan sortuak, laurak ere: hasierakoak Euskal Herrian, atxilotua izan aurretik; Narrazioak Puerto de Santa María espetxean (Cadiz, Espainia), 1981 eta 1982an; Atabala eta euria Herrera de la Manchako presondegian 1983 eta 1984an; Ipar aldeko orduak ihesaz geroztik, erbestean eta ezkutuan.

Guztiak baturik, liburu batetik bestera doazen hariak ageriago ikus litezke: adibidez, ziklo moduko bat osatzen duten ipuinak (Ginebra erregina, Artur, Lanzelot, Merlin eta beste Bizkaian erbesteraturik imajinatuz, ordukoa edo gaurkoa izan litekeen garai zehaztugabe batean); baserri giroko haurtzaro imajinatu batean kokaturiko istorioak, begirada lauso baina antidealizatu batez jantziak; militante baten bizikizun kamuflatuak izan litezkeen istorioak; sorkuntzari buruzko gogoetak dakartzatenak; ipuin kafkianoak, fantasia poetikoak…

Egileak berak berridatzi ditu guztiak, zuzenketa axalekotik harago, estiloa goitik behera aldatuz baina bere jatorrizko espirituari leial eutsiz. Nolabait ere, orduko poetikaren eta bere gaurko idazkeraren uztartze bat eginez.
Emaitza, klasikoa bezain gaurkoa, irakurle gazteak nahiz antzinakoak liluratzeko modukoa.

Azalean Vicente Ameztoyren koadro bat jarri nahi izan du idazleak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button