BESTELAKOAK

Durangoko Azokak baditu lema eta kartela

Aurtengo Durangoko Azokaren lema eta kartela aurkeztu dituzte prentsaurreko jendetsuan. Aurten, abenduaren 6tik 10era izango den Durangoko Azoka fantasiaz beteta etorriko da.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak antolatzaileen nahia azaldu du: “Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia”. Hain zuzen, lema horixe izango da: Fantasia DA!. “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.

Durangoko Azokaren irudia Ximon Agirre artistak (Hernani, 1994) egin du. Kartelean hiru dimentsioko irudi sakona agertzen da, errealitate birtualean landua, kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburuz egina.

Beste aldetik, egitaraua prestatzen hasita daude guneetako antolatzaileak, eta denetarik izango da Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian. “Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta fantasia ere bai”, azaldu du Gerediagako presidenteak.
Gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaio, eta hala, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button