IKUS-ENTZUN

17. Huhezinema jaialdiaren finalistak

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia datorren urteko urtarrilaren 24, 25 eta 26an izango da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Film laburrak aurkezteko epea azaroaren 27an itxi zen, eta guztira 81 ikus-entzunezko jaso dira, baina 30 izan dira finalera pasatu direnak: 10 Sail Ofizialera, 10 Ikasle Sailera eta 10 Bideoklip Sailera.

Iban del Campo jaialdiaren zuzendariak esan duenez, “Luxu bat izan da Euskal Herri osoko txoko guztietatik jasotako filmak eta bideoklipak ikusi eta hautaketa batzordea osatzen duten ikus-entzunezko ikasleekin eztabaidatzea. Eskarmentu handiko egileen lanak eta hasiberrienak ikusteko aukera izan dugu. Emanaldiak egiteko orduan denbora mugatua dugunez, interes handiko lanak ezin izan ditugu aukeratu finalista eta horrek badu frustrazio puntu bat. Baina oso pozik gaude jaialdian erakutsiko dugun sormen eztanda honekin”.

Aurtengo Sail Ofizialari dagokionez, maila oso altua izan da. 10 finalisten artean, gehienbat fikziozko filmak jaso dituzte, baina 10 finalisten artean badaude dokumental eta animaziozko lanak ere. Hauen artean, Goya sarietarako izendapena jaso duen Txotxongiloa animaziozko film laburra dago.

Ikasle Sailaren bigarren edizioa ere lehenengoa bezain arrakastatsua izan dela azpimarratu behar da. Atal hau jaialdiaren lehen 15 edizioetan Mondragon Unibertsitateko ikasleei mugatutakoa izan bada ere, azken bi urteetan beste euskal ikasleen lanak onartu dira eta MUko ikasleen film laburrez gain, Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), Elias Querejeta Zine Eskola (Donostia), Centa Eskola, (Donostia) eta EHUko film laburrak jaso ditu antolakuntzak.

Bideoklip sailean lan sorta ederra eta aberatsa jaso dute. Huhezinemako lantaldeak sail honek duen garrantzia azpimarratu nahi du, gaur egun gazteen artean gehien kontsumitzen den ikus-entzunezko formatua baita.

Lan aukeratuak zeintzuk diren jakiteko, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button