
Inoren Ero Ni eta Nor Man taldeek disko berriak aurkeztuko dituzte, INNEI eta Dorleak hurrenez hurren, larunbatean, Elorrioko gaztetxean, 22:30etik aurrera.
Eibarko Nor Man bandak Dorleak izenburuko diskoa sareratu berri du taldearen bandcamp webgunean. Taldearen hirugarren lana da. Aurretik Perkins (2013) eta Norman (2010) lanak argitaratu zituzten gipuzkoarrek.
Kepa Arakistain (The Gominols, Skandalu Publiku), Alex Ariznabarreta eta Gorka Bocos (Electric Dolls) eta Beñat Narbaiza (Doministikum) musikariek eratu zuten Norman, 2007an, Eibarko Legarre entsegu lokaletan. Bi urte geroago, Danbaka lehiaketako finalera eta Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako azken fasera sailkatu ziren, eta urte berean lehen diskoa argitaratu zuten; egun Peñalbak jotzen du bateria.
Nor Manen proposamena askotarikoa da: erritmo aldaketa ugari, tarte melodikoak, intentsitate handiko post-hardcore pasarteak, jazz kutsuko zertzeladak, gitarra zorrotzak… Eibartarrek, halaber, ostiralean, Bilbon egingo den Fuzz in the City jaialdian ere parte hartuko du.
Inoren Ero Nik, bestalde, duela gutxi plazaratu du lan berria, INNEI. Euren hitzetan lan berria hala dator: “Entzun. Erantzunik ez duzu izango. IENNEI ez da erantzunen asmatzen hasteko abagunea. Bestelakoa du palindromoaren korapiloan asmatu musikak apeta. Halakoa diskoaren izenburua. Jarri ispiluaren aurrean taldearen izenari dagozkion siglak eta bueltakoan jasoko duzu emaitza”. Proiektu ezaguna da Inoren Ero Ni, eta taldekideak, halaber, ibilbide luzeko musikariak: BAP!, Anari, Lobo Eléctrico, Cápsula…