
Nuri Bilge Ceylan zinegile turkiarrak 2011n estreinatutako Bir Zamanlar Anadolu’da (Bazen behin Anatolian) pelikula aurkeztuko du Patxi Urkijo EHU/UPVko irakasle eta zinemari buruzko idazleak, gaur, martxoak 11, Bilboko El Carmen Aretoan, 19:45ean; emanaldia FAS zineklubak ondu du.
Filmak hilketa bat du ardatz, eta medikuak, fiskalak eta hiltzaileak osatzen dute pelikulako istorioaren hirukoa. Nekazaritza inguruan kokatzen da istorioa; zuzendariaren hitzetan, “nekazaritza giroan mundu orok bilatzen du aitzakiaren bat bestea umiliatzeko, eta botere postu bat baldin badaukazu, ez da erraza besteekin harremanak izatea”.
Horrekin batera, gizona da filmaren protagonista: “Iruditzen zait gizona emakumea baino konplexuagoa dela. Eta honekin ez ditut emakumeak gutxietsi nahi, baina gizonak ahulagoak garela uste dut. Nik, behintzat, terapia egiteko erabiltzen dut zinema”.
Filmak epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen 2011ko Canneseko zine-jaialdian.