
Gaur goizean, Josu Bergara musikariak Asunak lan berria aurkeztu du. Kantariarekin Sara Prieto ilustratzailea, Udane Goikoetxea olerkaria, David Sanchez produktore musikala, Mikel Nuñez pianojolea eta Nerea Alberdi biolinjolea bildu dira.
Asunak. Bide-bazterreko melodia sendagarriak disko berri honetan doinu melodikoak eta itsaskorrak nagusi dira. Pop eta folk (swing, bluegrass eta jazz estiloak ere antzeman daitezke) freskotik edaten duten hamar kantuz osatutako lan berri honetan, “melodia atseginak eta erritmo lasaiak, biziagoak direnekin eta eduki sakona dutenekin uztartu ditu kantariak”. Musikaria Akorde txikiak bandarekin (Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea; Mikel Nuñez pianojolea; Irati Bilbao abeslaria; Daniel González baxujole eta kontrabaxujolea; Lüi Young gitarjolea eta Txema Arana baterijolea) elkarlanean aritu da lan berria ontzerako orduan. Grabaketa Urdulizko Tio Pete estudioetan izan zen.
Disko berria ekainaren 21ean jende aurrean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian. Ondoren udan zein udazkenean Bilbon, Ean, Markinan, Lekeition, Iruñean eta Ugaon izango dira. Urte amaieran eta 2019an Valentzia, Bartzelona eta Euskal Herriko beste hainbat herri zein hiriburuetan arituko dira.
“Asunak duten dikotomia hori esanguratsua iruditzen zait, sendabelar gisa oso erabiliak izan direlako baina askorentzat belar txar bat besterik ez direlako. Nire abestietan askotan antzeko zeozer igarri izan dut, kanta txikiak eta xumeak diren arren, detaileak zaindu egiten ditugu eta emaitza melodikoa eta artistikoa epe luzerako irauten du.”