
Joseba B. Lenoir Duo eta Eskean Kristö taldeek Tolosako Bonerenean joko dute, larunbatean, hilak 24. Lenoir Felix Buff bateria-jotzailearekin arituko da, eta Tenpesta lana aurkeztuko du. Eskean Kristö bizkaitarrek, berriz, Azote Kaldüz estreinako diskoan bildutako kantuak joko dituzte. kontzertua Tenpesta & Azotea izenburupean aurkeztu dute.
Sexty Sexers eta Sumisión City Blues taldeetako gitarra jotzaile Joseba B. Lenoir Tenpesta (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko lana 2013an plazaratu zuen. Diskoa binilozko hamar hazbetekoa da eta lau doinu biltzen ditu.
Diskoa Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzarekin grabatu zuen Sarako estudioan, eta grabazioan Felix Buff-ek (Willis Drummond, Los Separatistas, Napoka Iria…) eta Aitor Goikoetxea Azpirozek (Berri Txarrak ohia, Sons Of Woods) parte hartu zuten. Egun disko horretako eta bere ibilbide guztiko kontzertuak egiten ari da Felix Buff musikariaren laguntzarekin.
Arratiako Eskean Kristö taldeak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak ondu ohi duten Banden Lehia lehiaketa irabazi zuen iaz. Sari horri esker, Azote Kaldüz lana argitaratu du Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin. Diskoan 70eko eta 80ko urteetako rock gihartsu eta klasikoan bustitako hamar kantu jaso ditu boskoteak. Horren isla, diskoan izan duten kolaborazioa bakarra da; Niko Etxarten partaidetza, hain zuzen ere. “Ez genuen nahi modan dagoen artista baten kolaborazioa, zerbait berezia nahi genuen, eta guretzat Etxart erreferentea da”.
Lenoirren kontzertu gehiago
Bestalde, Lenoirrek hainbat kontzertu ditu: urtarrilaren 30ean, Bilboko Trapi lokalean izango da, one-man-band formatuan; urtarrilaren 31n, Bilboko La Casa De Atras dendan, akustikoan; otsailaren 14an, donostiako Kortxoenean, bikote formatuan, Libe eta Izaki Gardenak taldeekin eta otsailaren 15ean, Larrabetzun, bikote moduan. Amiatzeko, Bartzelonatik eta Zaragozatik igaro ondoren, Durangon izango da martxoaren 21ean, Osso eta Tutan Come On taldeekin batera.