LITERATURA

Istorio zirraragarriak euskaraz jarrita

Dennis Lehane idazlearen Erruki onez (Igela) lana euskaraz dugu Koro Navarrok egindako itzulpenari esker. Erruki Onez 1974ko Bostonen girotutako istorio zirraragarri bat dakarkigu, arrazakeria, boterea eta ama baten ausardia uztartzen dituena.

“Boston, 1974. Mary Pat Fennessy ama langilea da, eta langile-klaseko auzo irlandar batean alaba aurrera ateratzeko borrokan bizi da. Jules, bere alaba nerabea, udako gau bero batean desagertu da, eta Mary Patek bilaketa gupidagabe bati ekin dio. Bilaketa horretan, delinkuentziaren, arrazakeriaren eta bere komunitateko boterearen arteko lotura ilunekin egiten du topo. Hiria irakiten ari da eskoletako arraza-integrazio gatazkatsu bategatik, eta, aldi berean, Mary Pat mundu arriskutsu batean ari da sartzen. Mundu horretan, leialtasuna odolez ordaintzen da eta egia hilgarria izan daiteke”.

Beste aldetik, egun hauetan ere, Literatura Unibertsala sailaren barruan beste ale berri bat dugu: J. Sheridan Le Fanu idazlearen Carmilla (Erein) . Maialen Berasategik hartu du itzultzeko ardura.
Sheridan Le Fanuren maisulan gotikoa da, literaturako lehenengo banpiro-istorioetako bat. Beldurrezko kontakizun soil bat baino gehiago, banpiroen mitoaren bilakaera markatu duen lana da, Bram Stokerren Draculari aurrea hartu ziona.
“Irakurlea harrapatzen duen atmosfera trinkoa eraikitzen du Le Fanu-k, klasiko hau literatura gotikoa maite dutenentzat ezinbesteko irakurketa bihurtuz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button