IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da “Zinemakumeak Gara!” zikloa

Zinemakumeak gara! emakumeek zuzenduriko zinemaren erakustaldiaren hogeita bigarren edizioa urriaren 16tik 23ra egingo da, Bilboko BBK Aretoan. Edizio honetan fantasia eta izuaren genero zinematografikoa jorratuko da. Aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campos zuzendariari emango zaio, eta La proxima piel bere film ikusgarria urriaren 21ean pantailaratuko da.

Ekimenaren helburua emakumeek zinemaren historian egindako lan eta ekarpen artistikoa balioztatzea eta zabaltzea da, behar duten bisualizazioa eman ahal izateko.  Izan ere, zinemagintzan, emakumeen presentzia oso urria da, eta arte eta kulturaren esparruan berdintasunik ez dago oraindik, zoritzarrez. Hala, orekatze bat bilatzen du ekimenak, emakumeak ere zuzendari, protagonista eta aditurik onenak baitira zinemagintzan ere.

Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! egitasmoaren zuzendariak azaldu duenez, “aurten aukeraketa potentea dakargu, izan ere zuzendari berrien uholdea dator gai honen bueltan ere. Eta horren ispilu dira estreinatzeko dakarkigun lau film luze eta beste bi klasiko garaikide, eta  gainera, horri film labur sorta ederra gehitu behar zaio”.

Hortaz, zikloak urriaren 16an zabalduko ditu bere ateak, Grammy, The Stylist, eta Most beautiful island piezekin. Guztira 16 ekoizpen pantailaratuko dira, emakume zinegile handiek zuzenduak, tartean, Kathryn Bigelow, Oscar saria irabazi duen emakume zuzendari bakarra. Jarduera paralelo asko egongo dira, film laburrak ere bai; saio bereziak, umeentzako saioak eta abar.

Programazioa guztia hemen begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button