ARTEA

Arte, argia eta musika hibridaturik, Chillida Lekun

Arte, argia eta musika hibridatuko dituen jaialdia da Distirabirak. Chillida Lekun egingo da urriaren 18an eta 19an, eta zenbait diziplinatako artistek argi instalazioak, emanaldiak eta ikus-entzunezkoak eramango dituzte museora. Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programaren barruan kokatzen da ekimena.

Bi gauez, Chillida Lekuko zelaia eta Zabalaga baserria hitzorduaren erdigune izango dira, eta “estimuluz betetako espazioak izango dira eta ikus entzunezko teknikak, arkitektura eta paisaia protagonista izango diren instalazioak eta emanaldiak erakutsiko dituzte. Distirabirak abagune bikaina izango da museoa gauez bisitatzeko eta arte esperientzia ahaztezin baten parte izateko. Jaialdi honetan, proposamen abangoardistak izango ditugu formatu harrigarri batean”, esan dute antolatzaileek.

Distirabiraken parte hartuko duten artista asko museorako berariaz sortzen ari dira piezak, eta hala, “proposamen batzuk inoiz batera lan egingo ez zuten sortzaileen artean nekez gertatuko ziren elkarlanetatik sortu dira”.
Gainera, “urriko ilbetearen argia izango da kanpo interferentzia bakarra, eta museoa gauez bisitatzea zentzumen esperientzia partekatu bat izango da”.,

Distirabirak iluntzean egingo da, eta denetarik izango du, adibidez, Lucía Arzallusen zuzendaritzapean arituko den Easo Sinfoniettaren eskutik kontzertua eskainiko da. Gainera, hainbat erakusketa ikusgai izango dira, tartean, Lurdes Basolí eta Elisa Miralles artisten erakusketa, Eneritz Furyakek eta Oriol Floresek sortutako musika duena; Juxe Areta Goñiren Zu barik eztau, eta Carlos Arrutiren, Clara Lizasoainen eta Jokin Arrutiren Toroides. Gainera, Mauricio Fernandezen eskultura zinetikoa eta Jokin Guridiren EØME eta Ara Darribaren Aarti instalazioak ere izango dira ikusgai.

Arte, argia eta musika nahastuko dira urrian, Chillida Lekuko espaziotan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button