
Asteburuan, hilak 12 eta 13, Getxoko Komiki Jaialdiaren aurretik, Manga Jaialdia egongo da eta horren eskutik, ekialdeko kultura hurbilago egongo da Getxon. Areetako Geltokiko Plazako postuetan argitaletxeen lan berriak, japoniar animazioa, bookart-ak eta merchandising ugari egongo da, baina bestelako jarduerak ere programatu dituzte.
Lehiaketei dagokienean, aurten League of Legends eta Hearthstone jokoak izango dira protagonistak, baina cosplay, Otaku Talent, karaoke eta dantza txapelketak ez dira faltako.
Tailerrak ere egingo dira: Japoniako tradiziozko jokoak, manga-komikiaren ilustrazioa, 3D animazioa, gozokigintza, fantasia-makillajea, eta abar.
Hitzaldi eta mahai-inguruak ere programatu dira: bideo-jokoen sorkuntza Euskadin, bideo-jokoen narratiba eta diseinua eta cosplay-a.
Azkenik, Full Metal Harmony-ren kontzertua, lolita-jantzien desfilea, kimonoak jartzeko eta arte martzialen (aikido eta iaidoa) erakustaldiak ere egongo dira.
Aurtengo jaialdiaren egitaraua Tarasu manga-elkarteak antolatu du, Artist Alley, Motsukora, Aiko eta ALE kolektiboen partaidetzarekin.