IKUS-ENTZUN

Aurtengo Jazzinema zikloak bossa nova goraipatuko du

Jazzinema zikloaren zazpigarren edizioak lau film proposatuko ditu aurtengo udan, bossa nova estiloaren inguruan. Ziklo horren bitartez, zertzelada labur batzuk eman nahi dira Brasilgo bossa novaren protagonistei buruz. Genero musikal horren errepasoa egiteko bi dokumental, bossa nova zineman sartu zuen filma, eta pianista brasildar bati buruzko animazio-lan bat bildu dira.

Hala, uztailean eta abuztuan, Euskadiko Filmategiak Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect) emango ditu film hauek: Elis & Tom. Só tinha de ser com você (Roberto de Oliveira, Jom Tob Azulay, 2023), Orfeu negro  (Marcel Camus, 1959), Miúcha. A voz da bossa nova (Liliane Mutti, Daniel Zarvos, 2022) eta Dispararon al pianista (Fernando Trueba, Javier Mariscal, 2023).

Aipatu behar da bereziki, Miúcha. A voz da bossa nova dokumentala, non Heloísa María Buarque de Hollanda protagonista Brasilgo musikaren ahotsik garrantzitsuenetako bat izan den. Dokumental horretan ere garai hartako beste protagonista asko ageri dira: João Gilberto, Chico Buarque de Hollanda, Vinícius de Moraes, Tom Jobim… Azken hori da, hain justu, Elis & Tom. Só tinha de ser com você bigarren dokumentaleko protagonista-kidea, Elis Reginarekin batera, bossa novaren beste ahots funtsezkoetako bat.

Bossa novako musika soinu-banda batean sartu zen lehen aldiz Orfeu negro filmean. Vinícius de Moraesek berak idatzitako pieza Rio de Janeiroko inauterietan dago girotuta. Eta azkenik, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek eginiko Dispararon al pianista pantailaratuko da. Tenório Júnior pianista brasildar bikaina izan zen; Videlaren poliziak bahitu eta hil egin zuten Buenos Airesen, 1976an.

Zikloak, oraingo honetan, musika unibertsal eder horretaz gozatzeko abagunea eskainiko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button