MUSIKA

Jazzaren emakume handiei omenaldia

Ekainaren 3an, 19:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean jazz kontzertu oso interesgarri bat antolatu dute: Tribute to The Great Ladies Of Jazz, Joshua Endelman & Anita Gasti musikariekin. Horiekin batera ere, Eric Surmenian (kontrabaxua) eta Julen eta Ander Edelman (kontrabaxua eta pianoa) arituko dira.

Joshua Edelman (Manhattan, 1954) pianojole, konpositore, produktore eta pedagogoa da. Jazz Cultural Theatre of Bilbao eta Jazz Basque Country Prouctions diskoetxeen fundatzailea izan da. Nazioarteko hainbat eta hainbat kontzertu eta bira ditu eginak, 12 disko publikatuta eta hainbat musika talderen zuzendari musikala da. Musika klasikotik, bebopetik zein amerikar herri musikan kultura afrikarrak utzi duen arrastotik edaten du. Bere musika berezia da eta jazzaren munduan Edelman Soinua bezala ere ezagutzen da. Gaur egun Euskal Herrian jazzaren panoraman dagoen figurarik esanguratsuenetako bat da, zalantzarik gabe.

Anita Gasti abeslari, aktore eta dantzaria da. Bilboko Koral Elkartean hasi zituen bere musika ikasketak. Londreseko The American Musical Theatre Academy delakoan antzerki musikalean titulua lortu zuen. Abeslari gisan hainbat musikal, zarzuela eta opera lanetan aritu da Madrilgo Teatro Realen, Victoria Eugenian eta Arriaga Antzokian.

Eric Surmenian jazz eszenan aktibo dagoen frantziar kontrabaxu-jole birtuosoa da. Musika konposatzaile eta irakasle izateaz gain, nazioarteko jazz musikari garrantzitsuenekin aritu da mundu osoan zehar.

Publiko guztiei zuzendutako kontzertu honetako errepertorioa jazzaren historiako doinu mitiko eta ezagunez osatuko da, eta hala ibilbide musikal horretan jazzaren emakume handiei omenaldia egingo diete.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button