BESTELAKOAK

Augustin Zulueta jauregia museo bilakatu zenekoa

Familia bizitoki izatetik Arabako Arte Ederren Museoa izatera pasatu zen Augustin Zulueta jauregia. Trantsizio horretako xehetasunak bildu nahi izan dituzte orain erakusketa batean.

Ricardo Augustin eta Elvira Zulueta jaun-andreek jauregi hau eraikiarazi zuten 1912 eta 1916 artean, Javier de Luque eta Julián de Apraiz arkitektoen zuzendaritza pean zabalgune gasteiztarreko inguru noblean, Senda ibilbidean, hain zuzen. Eraikin galanta da, oin karratuko ataritzarraren inguruan eratua, sotoa, behe solairua eta beste bi solairu dituena.

Erakusketak jauregia nola eraiki zen erakusten du (1916an bukatu zen eraikitzen), bai eta Arabako Foru Aldundiak 1941ean erosi ondoren, etxebizitza izatetik museo izateraino egin duen ibilbidea ere.

Jauregian bertan erakusten da, hiru gune bereizitan: lehenengoan Ricardo Augustin eta Elvira Zulueta sustatzaileen biografia azaltzen da; bigarrenean arkitektoak eta hiri ingurunea jorratzen dira; eta hirugarrenean jauregia eraikitzen eta apaintzen parte hartu zuten artistak eta gremioak ikusten dira.
Erakusketa arkitektoen jatorrizko planoek eta etxebizitza zeneko argazkiek osatzen dute. Argazki horiek jauregiak izan duen bilakaera erakusten dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button