
Gaur, hilak 17, Olatz de Andrések Time is a Muscle pieza aurkeztuko du Azkuna Zentroan, bertako Arte Bizien denboraldi berriari hasiera emanez. Proposamen eszenikoa “denboraren presentzia espazioan gorputz bat gehiago balitz bezala ikustera” gonbidatzen duen pieza da. Diogun bezala, ostegun honetan estreinatuko da, 17:00etatik 21:00etara, Kubo Baltzan.
Dantzako pieza-esperientzia iraunkor honetan (17:00 – 21:00) Olatz de Andrések “denboraz dugun pertzepzioa eta esperientzia eraldatzeko moduak” ikertzen ditu, batetik mugimenduaren bidez, eta bestetik, idazketaren, marrazketaren eta ikus-entzunezkoen bidez. “Dantzaren iragankortasuna eta denboraren iragankortasuna atxikitzeko saiakera da”, koreografoaren esanetan.
Time is a Muscle Julyen Hamiltonen esaldi bat da, zentzu honetan, Olatz de Andrésen lanak “denbora gure gorputzen eta beste hizkuntza batzuen bidez hautemateko eta bizitzeko” gonbita egiten du, artistarentzat “gorputzak marraztu, koreografiak idatzi, marrazkia mugitu egiten da, eta soinua ikusi daitezke”.
Dantzarekin batera, urriaren 17tik azaroaren 3ra, Olatz de Andrések Hacer Tiempo, Entre 26 y 62 Artean eta Time is a Muscle piezak sortzeko eta ikertzeko prozesuetako materialak bilduko ditu BAT Espazioan. Bere lan prozesua ezagutzeko urriaren 23an eta 30ean, 19:00etan, bi aktibazio bizi egingo dira, pieza iraunkorraren materialetatik abiatuta, sarrera dohainik aldez aurretik izena emanda.
Arte Bizien denboraldi berrian diziplina anitzeko sorkuntzak ikusi ahalko dira, “non diziplina eszeniko tradizionalen mugak lausotzen diren, zuzeneko arteak ikus-arteak, zinema eta ikus-entzunezko sorkuntza edo letrak bateratzen diren espazio komun bihurtuz.” Bertan izango dira, besteak beste, Ziomara Hormaetxe, Carlota Mantecón, Ça Marche konpainia, Idoia Zabaleta, edo Guillermo Weickert.



