
Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak sortutako Musika Bulegoa Sariak bertoko artista, talde edo musika proiektuen lanak saritu nahi ditu. Aurtengo edizioan 107 proposamen jaso dira.
Aurtengo edizioko saridunak honakok izan dira: Korrontzi, Ander Tellería, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta EKE Euskal Kultur Erakundea.
Antolatzaileak adierazi duenez, “bosgarren edizio honetan kalitate handiko lanak aurkeztu dira eta proposamen gehienak disko oso bat izan dira. Musika motari dagokionez, plazaratutako lanen artean pop-rock-a, musika klasiko garaikidea, folk-a eta jazz generoak gailendu dira. Saritutako proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte. Bestalde, EHMBE Ohorezko Sariak Mikelarenaren eskultura jaso du”.
Horiez gain, Etxepare Euskal Institutuaren Musika Sariak, Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du. Aurten Korrontzi taldeak jaso du sari berezi hori.
Halaber, EKE Euskal Kultur Erakundeak, EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du, Euskal Herriko musika-jarduerarekin lotutako erakundea delako.
“Iazkoa ez zen urte xamurra izan, koronabirusaren pandemiak kulturaren esparrua lur-jota utzi baitzuen eta hala ere, aurkeztutako proposamenen kopuruari begiratuz, Euskal Herriko sortzaileen kreatibitatea sano dagoela esan daiteke”.
Musika Bulegoa Sariak, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak sortutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.