
Larunbatean, Kaiola festibala egingo da estreinakoz Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Jaialdian hauexek parte hartuko dute: Za!, Mursego, Dual-Split, Asuna eta ODDATEEE. Jaialdian askotariko soinu eta estiloak jasoko dira, baina esperimentazioa gailenduko da; tartean, hip-hop erritmoak, synth-pop giroak, jostailuen bidezko soinuak eta tarte inprobisatuak.
Musikarien harira, Za! eta Mursego aski ezagunak dira. Lehenengoak Bartzelonakoak dira, eta askotariko estiloak (metal, hardcore, erritmo tropikalak, jazz…) nahasten dituzte haien proposamenean; zuzenean, gainera, itzelak dira. Mursego Maite Arroitajauregi musikari eibartarraren bakarkako egitasmoa da, eta agertokian bakarrik aritzen da hamaika instrumentu eta loop pedalen laguntzaz.
Dual-Split Maia eta Baptiste Ibar anaia-arreben egitasmoa da. Frantziarrak izanagatik ere, haien proiektu musikala New York hiriko Brooklyn auzoan eratu zuten, 2010ean. Kaila festibalaren arabera, “Teklatuz beteriko bidaia ederra, pop psikodelikoa eta Maiaren ahotsa protagonista zuena. Bere ahotsa, goxoa, hipnotikoa eta pertsonala da. Baptisteren baxua bizi eta sakon entzuten da”.