EZLEKUBAT

Caligula: “Punk futurista egiteko elkartu ginen”

Joan den otsailaren 13an Iruneko Caligula musika taldearen emanaldia ikusteko eta entzuteko abagunea izan genuen Gernikako Gaztetxean burutzen den Kafe eta Galletak ekimenaren baitan. Laukotearen emanaldiak txundituta utzi gintuen, batez ere bere proposamenak erakusten duen nortasun berezia dela eta. Hala, askotariko kantak jorratzen dituzte, sonoritate ugari uztartu, gizonezko eta emakumezkoen ahotsak elkar lotu, eta guztia geruza primitibo, tribal batekin estaltzen dute. Taldea abiatzea Baxik (abeslaria, gitarra) eta Aidak (bateria jotzailea, ahotsa) planeatu zuten kontzertuetan sarritan ikusten baitute elkar. Hala, “erdi mozkorkerietan” punk futurista joko zuen taldea eratzea deliberatu zuten. Izena: Caligula; gure solaskideak, berriz, Baxi eta Aida.

Nola sortu da Caligula? Eta nola aukeratu zenuten izen hori?
(Baxi) Aida eta biok kontzertuetan topo egiten genuenean erdi mozkorkeriatan beti esaten genuen noizbait elkartu behar ginela talde punk futurista bat egiteko. Azkenean probatu genuen eta gustatu egin zitzaigun esperimentua. Hilabete gutxi batzuetara Nerea gitarrarekin eta beranduago Sandra baxuarekin hasi ziren lokaletik agertzen. Izenak, berriz, ez du garrantzi berezirik. Bat behar genuen eta eliminazioz azkenean Caligula aukeratu genuen.

Nola dago egun taldea?
(Aida) Oraintxe bertan kontzertu bat daukagu begi bistan, martxoaren 6an izango da Psilocybenean, Chiquita y Chatarra asturiarrekin batera. Hortik aurrera seguruena zuzenekoetan geldiune bat egingo dugu abesti berriekin hasteko. Orain arte lau kontzertu bakarrik eman arren, horrek behartu gaitu entseguak zuzenekoei begira prestatzea, izan ere, laurok noizean behin bakarrik elkartzen baikara. Kontzertuek mesede egin digute zuzeneko lengoaiarekin kontaktuan jartzeko, bai eta entsegu lokaleko burbuila-girotik ateratzeko ere. Horri esker jendearen erantzun ona ikusi ahal izan dugu. Orain arte eman ditugun kontzertuetatik abiatuta, agian, serioxeago lan egiten has gaitezke.

Oraindik ez duzue ezer grabatuta. Zerbait grabatzekotan zaudete? Plazaratzekotan nola egingo zenukete?
(Aida) Egia da hainbat zailtasun direla medio oso era motelean funtzionatzen dugula eta luzatu egiten garela abesti berriak egitean. Grabaketa buruan daukagu eta zerbait kaleratzekotan autoekoizpena da jarrera errealistena.

Lan polita egiten duzue Baxiren eta Aidaren ahotsak uztartzerakoan. Ahotsa bereziki lantzen duzuen aldea da?
(Aida) Eskerrik asko! Ahotsak beste instrumentua balitz bezala lantzen ditugu. Horrek aukerak zabaltzen ditu eta abestiei egitura desberdinak eman diezaie0ke. Izan ere, melodiak hitzen aurretik zehaztu gabe sortzen dira, horregatik ahotsen sonoritateak garrantzi handia dauka guretzat. Ahotsa, konposizioaren lehenengo fase horretan, ez da hizkuntz zehatz batera moldatzen, normalean asmatzen dugun hizkuntza erabiltzen dugu, “guatxuguere”-a, edota soinu guturalak. Gero, baina, esanahi bat ematen diegu ahotsei. Hala ere, hitzen esanahia sonoritatearen menpean dago, hori baita benetan interesatzen zaiguna. Berdin zaigu zerbait konkretua ez esatea, bluesmanek edo tribu afrikarrek abesten duten bezala…

Ahotsekin jarraituz, Baxiren ahotsak Xabier Montoiarena gogorarazten dit eta Aidarenak The Slits hirukotearena. Ados zaudete?
(Aida) Xabier Montoia erreferentzia da guretzat, eta batez ere Baxirentzat, M-ak taldea erreferente musikal garrantzitsua izan delako. Horrez gain, Baxik daukan ahots grabeari eta euskaraz abesteari lotuta, antzekotasunak ikustea errazten du. Gainera, piropo handia da! The Slits ia ez dut ezagutzen. Orain dela hilabete batzuk Baxik bideo bat bidali zigun Typical Girls abestiarekin, eta oso dibertigarria iruditu zitzaidan, ez dakit, antzekotasunik egon daitekeen, baina ez nituzke erreferente bezala hartuko. Asko gustatzen zait John Lee Hooker-en abesteko era, baita Mikel Laboarena, erreferente femeninoak, berriz, niretzat Kim Gordon edo Lydia Lunch dira, baita ere mendebaldeko musiketakoak ez diren ahotsei erreparatzen diet. Orain dela gutxi ezagutu nuen talde Tuareg baten ahotsek asko harritu ninduten. Baina azkenean bakoitzak bere erregistro propioa dauka eta asuntoa erregistro horren baitan eroso sentitzea da eta ditugun mugak erabiltzea harik eta aukera bihurtu arte.

Hitzak zuenak dira? Zertaz hitz egiten dute?
(Baxi) Gaiak desberdinak dira: Marruekoseko 2 anaien kontakizuna dago, ezinezko maitasunak, erbestea, Irunera doazen trenak, gaua, hiriko aparkalekuak…

Zuen soinuan post-punk-aren itzala sumatzen da. Gustuko duzue estilo horretako taldeak?
(Baxi) Gustukoak ditugu estilo ezberdinetako taldeak eta denetik entzuten dugu. Post-punkeko taldeak ere noski! Norberak bere erreferente desberdinak ditu. Dena dela, iristen da une bat non hainbat alditan entzundako disko eder horiek guztiak ia ez dituzula entzuten baina zure barruan daudela.

Duela gutxi Kafea eta Galletak ekimenean egon zineten jotzen eta Sonic Youth-en Sister lana aukeratu zenuten entzuteko. Zergatik?
(Baxi) Taldeko partaide guztien gustuak biltzen dituen taldea da Sonic Youth. Eta bere diskoen artean Sister bezala, EVOL, Confusion is Sex eta gehiago izan zitezkeen, baina seguruenik kontu afektibo batengatik Sister aukeratu genuen.

Deigarria da kantuak ezberdinak direla. Naturaltasunez ateratzen zaizue horrela edo aurretik pentsaturiko zerbait da?

(Aida) Lokalean egiten ditugu abestiak. Batzuetan eskeleto batetik abiatzen gara, gero entseguetan eskeleto horri forma ematen diogu, beste batzuetan abestiak inprobisazio batetik sortzen dira. Normalena ideia bat abiapuntu bezala hartzea izaten da, adibidez gitarra riff bat entzuteak abestia nondik joango den zehaztu dezake, baina abesti berriak egiterakoan ez gara estilo zehatz batetik abiatzen… Pista bat izan ondoren, egiten eta desegiten, istorioak osatzen ditugu…

Bestalde, Baxi Akauzazten aritu zen, eta Aida, berriz, Lisabön. Bi taldeetan erdietsitako eskarmentuak ere eragina izango du Caligulan, ezta?

(Aida) Bai. Biak nortasun handiko taldeak dira eta musika bizitzeko era abiapuntua da guretzat. Lisabörekin hasi nuen ibilbidea, eta lehenengo eskarmentuaren eragina ia lehendabiziko amodioak markatzen dizun bezalakoa da. Haiekin eta haiengandik ikasi dugu. Nik bateria jotzeko dudan era Lisabön ikasitakoan oinarritzen da.

Beste bi partaideek, Sandra (baxua) eta Nerea (gitarra), beste talderen baten jo al dute?

(Baxi) Sandra Colombinas taldean aritzen da eta Nereak Küm eta Joseba Irazokirekin kolaboratu izan du.

Aurretik aipaturiko elementu guztiei erreparatuz, taldearen soinua nahiko originala dela esango zenuke? Nik uste agerian dela taldearen soinuak nortasun propioa duela.
(Aida) Sonoritate desberdinen nahasketa dago Caligulan. Esango nuke instrumentu bakoitzak bere lekua duela. Hala ere oraindik bilatzen gabiltza… Izan daiteke bilatzen ari garen bitartean guztion artean soinu mix bitxia agertzea…

Zein euskal talderekin identifikatzen zarete?
(Baxi) Puf! Asko dira oso gustukoak ditugun talde eta bakarlariak, benetan oso gauza interesgarriak baitaude. Zerrenda luzea da eta zoritxarrez irrati eta telebistan ez zaie nahiko kasurik egiten, ordea!

Nora joko du taldeak etorkizunean?

(Baxi) Ba ez dakigu! Musikalki ez dut espero aldaketa handirik egitea baina kantu berri bakoitza misterio eta obsesio handi bat da!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button