MUSIKA

Jon Gurrutxaga musikari eta hizlari arituko da Soraluzen bihar

Aurreko astean iragarritako Jon Gurrutxagaren Soraluzeko kontzertua bertan behera gelditu zen. Hori dela eta, bihar, larunbata, egingo da Arima Beltza eta Sugramas taldekide ohiaren kontzertua Soraluzeko Kiroldegiko terrazan, 19:30etik aurrera.

Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978) blues elektrikoaren eta 70eko hamarkadako rock gogorraren zale sutsua da; bere aurreko bi egitasmoak gustu klasiko horren erakusle dira: Arima Beltza eta Sugramas.

Orain, baina, bakarkako ibilbidea hasi du, Hitz Lauz izeneko lanaren bitartez, 2014koa. Hala, aurreko jario elektrikotik aldendu, eta folk kutsu handiagoa duten doinuak bildu ditu gipuzkoarrak, tartean, Kontaidazu dantzan akustikoa.

Halere, doinu bakoitzaren nortasunaren arabera, sonoritate ezberdinak grabatu ditu; esaterako, Distantzia, bidea, zu eta ni blues estiloko doinua da, modu akustikoan hasten da, baina gero elektriko bihurtu eta rock zaleagoa bilakatzen da, organo eta guzti.

Horretarako, makina bat musikariren laguntza izan du estudioan: Keu Agirretxeak, Mikel Lagunak (Aiumeen Basoa) eta Patxi Zabaletak (Arima Beltza, Andrakan) gitarra elektrikoak grabatu dituzte; Iñigo Gorritxategik (Lau Mono), Mikel Azkargortak (Merry May & The Muppets) eta Gorka Eskauriazak (Oskorri) baxuak, eta Gurrutxagak berak gitarra akustikoa, bateria eta aho-soinua jo ditu; euskaraz abestu ditu kantu guztiak.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxea, halaber, beste hitzordu musikal batzuen berri eman digu: Paul San Martin & Joan Pau Cumellas, larunbatean eta igandean, Tolosan Blues jaialdiaren baitan, eta Markos Untzeta & Bidelagunak uztailaren 9an, Iruñeko Takonera parkean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button