LITERATURA

Europako literaturaren bi maisulan argitalpen eguneratuetan

Alberdania argitaletxeak Europako literaturaren bi maisulan plazaratu ditu argitalpen eguneratu batean: Irène Némirovskyren Suite Frantsesa eta Agota Kristofen Koaderno Handia lanak.

Lehena Joxe Mari Berasategik, Mikel Garmendiak, Joxe Antonio Sarasolak eta Joxan Elosegik itzuli dute. Ohiz kanpoko nobela da Suite frantsesa, ohiz kanpoko egoeran idatzia. Maisuki erakusten du XX. mende erdi aldeko Europaren tragedia. Nobelak alderdi autobiografiko ukaezina du, eta alemaniarrak Parisen sartzeko bezperetan hasten da, kezka giro betean. Lehen bonbak lehertzen direlarik, milaka familia irteten da bideetara, autoz, bizikletaz edo oinez. Némirovskyk hor erakusten du maisutasuna, giro hori deskribatzen. (…)
Bidea galdu duen herri bati atera zion argazkia Némirovskyk. Okupazio garaiari buruz idatzi den fikzio lanik egiantzekoena. Argitasunez idatzia, sentimentalismorik gabe, bere borreroen eskuetan jarri zuen gizartea ulertu nahian idatzia.
Suite frantsesaren bertsio berri honek, garratzago eta zirraragarriagoa, eleberrigile gupidagabe eta zorrotza erakusten du, gizakiaren ahuleziak atzematen trebea, eta haren jokabide okerrenen lekuko eta, aldi berean, fede-emailea.

Beste aldetik, Eskarne Mujika Gallastegik itzuli du Agota Kristofen Koaderno Handia lana. Pertsonaia nagusien, bi anaia bikien, ikasketa prozesua da. Liburuak jakin-mina pizten du. Erakarri eta berarekin eramaten du irakurlea liluraturik. Edonor harritzen baitu horrelako gertaera lazgarriak hain xalo kontaturik entzuteak. Xalotasun-aire hori lortzeko, Agota Kristofek haurren idaztankera antzeratzen du. Irakurketa amaitu eta gero, liburua itxi eta gogoetatsu geratuko gara, irria ezpainetan eta galderaren bat buruan jauzika. Gaiztoak eta ankerrak al dira? Zer da Ongia?; zer Gaizkia? Non ditu Etikak mugak? Nork du munstro-izaera, mutikoek ala inguruan duten gizarteak?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button