ARTEA

Itsasoaren eta arrantzaren gorazarre moduan

Zarautzeko Photomuseum aretoan ikusgai jarri dituzte otsailaren 27ra arte, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribitarraren irudiak. Itsasoko giro eder eta gogorraren isla dira bertan paraturiko irudiak.

Erakusketaren izenburuak bere osaben itsasontziaren izena damara: Axalian. Eta, itsasoaren, arrantzaren eta bere familiaren gorazarre moduan prestatu du. Azken urteetan, Hondarribiko lehen sektoreko lan nagusiak irudikatzen dituen trilogia bat egin du. Galtzen ari diren eta merezi duten balioa eta aintzatespena eman behar zaien lanbideak.

“Hondarribia, Getaria, Elantxobe, Bermeo,… ez dio axola. Izan ere, edozein arrantza-herritan, bertako nagusiei galdetzen badiezu, itsasoko milaka istorio kontatuko dizkizute. Beren aitak, aitonak edo beraiek bizitza osoa arrantzan, itsaso zabalean eman dutela kontatuko dizute. Beren emazte, ama eta amonek ere bizitza osoa eman zutela itsaso ondoan, arrantza egiteko sarea josten. Ontziak pil-pilean zeudela, arrain usainak herriko bazter guztiak bustitzen zituela, lonjak jendez betetzen zirela, erosketak ere egiten zituztela, saregileek gau eta egun denborale batek hautsitako sarea josten lan egiten zutela, arrantzaleek arraina deskargatzen zuten bitartean, berriro itsasoratu ahal izateko. Herriaren bizitza portuaren inguruan zebilela kontatuko dizute, itsasoaren inguruan. Eta seguru portura hurbilduko zarela, mundu hori ezagutzeko ilusioarekin, hain dotoreak eta izen bereziekin bataiatuak diren arrantza-ontzi handien gorabeheraz gozatzeko. Arrantzale horrek itsas zabaleko azken pasadizoa kontatzeko eskatzera hurbilduko zara. Edo sare kilometrikoa josteko artea ikusteko.
Tamalez, pixkanaka galtzen ari da, gero eta itsasontzi gutxiago daude eta errelebo gutxiago. Inork ez du hain lan gogorra egin nahi, nahiz eta lan polita eta aberasgarria izan, adiskidetasunez eta naturaz betea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button