EMAKUMEA

“Isildutako eskuak” emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian

Datorren ostiralean, irailak 16an, “Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian(Elkar, 2022) liburuaren aurkezpena egingo da Berako (Nafarroa) kultur etxean.

Ekarpen soziala ez ezik, memoria historikoan sakondu du oraingoan Jon Abril idazleak, gerraosteko emakume ekintzaile eta ausartei ahotsa eta ikusgarritasuna eman nahian.

Lan honetan, gerraondoreneko hainbat euskal emakumeren bizimodua kontatzen da, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenena. Garaiko legeei eta usadioei aurre eginez, alegia familia eta haurren zainketa rolak desafiatuta, esku finak eskatzen zituzten lanak egiten zituzten, baina sektore berean ari ziren gizonezkoek baino gutxiago irabaziz, alegia. “Isildutako eskuak izan dira emakumeenak, haien ahotsa bezala” aitortzen du egileak.

Halatan, lan honek emakume horietako batzuei ahotsa eman nahi izan die, guztien izenean, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko. Horretarako, Euskal Herrian zehar bidaia bat egin du Abrilek: Donibane Lohizunetik Baionara, Mauletik Otsagabira, Lodosatik Ondarroara, Gasteiztik Atarrabiara, Trapagarandik Bergarara eta Donostiatik Pasaiara,  neskame, irakasle, espartingile, unai, papergile, arrain nahiz berduren kontserbagile, zigarrogile zein industriako langile  eta lanbide horietan ibilitako zenbait emakumeren lekukotasunak jaso ditu.

Elkar eta Berako kultur batzordeak antolatuta, hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da eta bertan egongo da Jon Abril lanaren egilea ere.

Informazio gehiago: Berako Agenda.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button