LITERATURA

“Kristalezko begi bat”. Gaurko literaturaren ikur

Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak abiatuko dira aste honetan, Miren Agur Meaberen figuraren inguruan, eta Kristalezko begi bat. Gaurko literaturaren ikur izeneko jardunaldiekin. Izan ere, aurten, Klasikoen irakurraldi etenik gabea izeneko ekimenean aukeratutako liburua Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “lan honekin, besteak beste, gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omendu nahi ditugu; literaturako ahots eta begirada berriak jaso eta klasikoetatik orainera zubia eraiki.”

Hortaz, egunotan, martxoaren 14, 15 eta 16an, Euskaltzaindiaren egoitzan bilduko dira bertsolariak eta idazleak lan horri buruz berba egiteko.
Astearteren abiatuko dira jardunaldiok, bertso-saio literario batekin. Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariak arituko dira, eta gai-jartzaile lanetan beste bertsolari eta idazle bat izango da, Uxue Alberdi.

Asteazkenean, hilak 15, Ibon Egaña eta Jule Goikoetxea bilduko dira bi hitzaldi interesgarrirekin. Ibonen hitzaldiak Liburuak idazlea sortzen duenean du izenburu, eta Jule Goikoetxearenak Kristalezko begi bat, kristalezko begirada bi eta protesi kultural ugari.

Hirugarren saio bat ere antolatu du ostegunerako. Karmele Jaio eta Unai Elorriaga idazleak arituko dira Euskaltzaindian. Karmele Jaiok Meaberen kristaletik begira izeneko hitzaldia egingo du, eta Unai Elorriagak Miren Agur Meaberen begiradak izeneko mintzaldia egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button