
Galtzagorri Elkartearen antolamenduarekin, Iruñeko Udalak Biko-teka programa abiarazi du euskarazko liburu irudidunak sortzen trebatzeko, ilustrazio- eta narrazio-lantegi baten bidez. Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso izango dira arduradunak. Izena martxoaren 10era bitarte eman daiteke.
Programak euskarazko sormen artistikoa bultzatu nahi du, bereziki album irudidunen alorrean, izan ere, Ilustrazioak berebiziko garrantzia du haur eta gazte literaturan, oraindik testuak irakurtzeko gai ez diren haurrek irudiak irakurri ditzaketelako.
Lantegia San Frantzisko liburutegi publikoan izango da, martxoaren 27, 28 eta 29an. Harkaitz Canok eta irudigile gisa ibilbide luzea duen Aitziber Alonsok emango dituzte saioak. Lantegian landuko dira “album irudidun bat sortzeko faseak, hots, ideia pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta irudiztatu”.
Ekimena euskarazko album irudidunen Etxepare sariko lehiaketan parte-hartzea sustatzeko pizgarria izango da, bai eta saria eta lehiaketa ezagutzera emateko irudigile eta idazleen artean.
Ikastaroan izena emateko mezu elektroniko bat bidali behar da galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera, eta bikoteka eman behar da izena, hau da, irudigile bat eta kontalari bat elkarrekin.