ARTEA

“Irekiak Gallery Weekend” Donostian

Gaurtik hasi eta igandera bitartean, hiriko bost arte galeriek ateak zabalduko dituzte arte garaikidea modu desberdin batean publikoari gerturatu eta bestelako bizipenak eskaintzeko asmoz.

Horretarako erakusketak, bisita gidatuak eta bestelako ekintza osagarriak ere antolatu dira “Irekiak Gallery Weekend” egitasmoaren barruan. Elkarlanean aritu dira horretarako, Donostiako Arte Galeria Garaikideen Elkartea (DAGGE), Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostiako Udala ere.

Edizio honetan  Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrian eta Ekain galeriek hartuko dute parte, eta sei erakusketa eskainiko dituzte orotara. Tabakalerak, halaber, Kursaal Kongresu Jauregiaren fatxadan, 20:00etan hasita, Alba G. Corral artistaren “Entremaliat” instalazioa aurkeztuko du. Proiektu hau gaur bertan estreinatuko da lehen aldiz eta “Irekiak” egitasmoak irauten duen bitartean, egunero egongo da ikusgai ordu berean. Tabakalerako “Vive le cinéma!” eta “Gerundi circular” erakusketak ere ikusgai egongo dira.

Ekintza osagarrien artean, doako bisita gidatuak ere antolatu dira. Hiru orduko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek eta galeria guztiak ikusteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Horretarako, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.

Horrez gain, erakusketak lasai eta libreki gozatu nahi dituzten lagunentzako topaketak ere antolatu dituzte ostiral, larunbat eta igandean, eta beste hainbat jarduera ere programatu dituzte: hitzaldiak, tailerrak…

“Irekiak Gallery Weekend” ekimenak, antolatzaileen esanetan, “arte garaikidea modu hurbil eta desberdin batean arte garaikidea erakustea du xede, eta Donostiako galeriak kultura sortzeko eta sustatzeko espazio gisa aurkeztu nahi ditu, egiten duten lana ikusarazi eta hedatzeko”. Izan ere, DAGGEko kideek azpimarratzen duten bezala, “galeriak espazio irekiak dira, eta urte osoan zehar bertako zein kanpoko arte garaikidea ezagutzeko aukera eskaintzen dute”.

Egunez eguneko xehetasun guztiak aurkituko dituzue Irekiak Gallery Weekend webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button