LITERATURA

Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdia, Gasteizen

Gaur hasita eta martxoaren 16ra bitartean, Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdia egingo dute Gasteizen. Iban Zaldua idazleak zuzenduko du jaialdiaren lehen edizioa, eta ipuingintzan eta orohar literaturan aritzen diren makina bat idazlek hartuko dute parte bertan.

“Ipuina, genero literario gisa, inoiz baino biziago dago. Ia argitaletxe guztiek beren katalogoetan eskaintzen dute. Irakurleek generoarekiko zaletasuna adierazten dute. Idazleek ez diote inoiz utzi hura lantzeari. Eta Euskal Herria, gainera, potentzia bat da ipuinaren arloan.
Gasteizko Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian, ipuin garaikidearen maisu-maistra handiek XXI. mendeko lehen laurden honetan ipuinaren goraldiaren gakoak argitzen lagunduko digute. Izen klasikoek lagunduko digute ibilbide literario honetan, Ignacio Aldecoa gidari eta anfitrioi dugula.”

Martxoaren 13an, 11:00etan eta Arabako Campusean izango da lehen ekitaldia. Nagore Fernandez, Marijo Olaziregi eta Irati Majuelo euskal literatur kritikariek ipuingintzaren historia hurbilaz eta, batez ere, generoaren egungo egoeraz eztabaidatuko dute. Hitzaldiaren gaia Euskal ipuingintza: genero nagusia, ala bazterreko praktika literarioa? izango da.

Hurrengo egunean, Novela vs. Cuento: ¿cuál es, verdaderamente, el género mayor? gaiaren inguruan arituko dira Aixa de la Cruz eta Isaac Rosa. Martxoaren 14an, Harkaitz Canok, Aintzane Usandizagak eta Joseba Sarrionandiak ipuinak  irakurriko dituzte, Benizzeren musikak lagunduta. Hurrengo egunean, Por qué somos cuentistas galderari erantzungo diote Ana Malagon, Tina Vallès eta Pedro Ugarte idazleek.

Eta 16an, saio bi antolatu dira: goizean ipuinaren inguruko tailer literarioa (euskaraz) Mariasun Landarekin, eta 18:00etan, Eloy Tizónek El susurro del cuento izeneko saioa egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button