MUSIKA

“Iparra galdu gabe” jardunaldiak, Getxon

“COVID 19aren eraginez, bertan behera utzi behar izan genituen Iparra Galdu Gabe zikloko iazko jarduera gehienak. Horiek eta gehiago dira orain eskaintzen dizkizugunak Iparraldeko kultura Getxora hurbiltzeko asmotan”. Modu horretan haizatu dituzte antolatzaileek maiatzaren 16tik 23ra gauzatuko diren jardunaldi eder horiek.

Ekimenaren bederatzigarren edizio honek Xalbador bertsolariari, Mixel Labeguerie abeslariari eta Mattin bertsolari eta idazleari omenaldia egingo die, beti ere musika tarteko.

Hala, familia osoarentzako jostaldi musikatu batekin hasiko da zikloa: GuraShow. Kantu jostaldi honen bidez, haurtzarorako bidaia egitea proposatzen diote familia osoari, haurrei zein gurasoei, errepertorioan zehar haurtzaroan, etxean, eskolan edo lagunekin ikasitako kantuak gogoratuz. Horretaz Kattalin Indaburu, Maider Cigarroa eta Philippe Albor arduratuko dira.

Programa honako emanaldiekin osatuko da: maiatzaren 20an, 19:30etan, Azebarrin, Iparreko eleak-Ipar Euskal herriko testu laginak lanaz, Xabier Monasteriorekin; maiatzaren 21ean, 19:00etan, Muxikebarrin, Biba kantua!, Getxoko Andrés Isasi Elektrik Konexioa, Philippe de Ezcurra eta Thierry Biscary musikariekin; 22an, 20:00etan, Azebarrin, Aire Ahizpak taldearen kontzertua; 23an, 19:00etan, Muxikebarrin, Erramun Martikorenaren ahotsa; eta ekainaren 27an, 19:00etan, Muxikebarrin, Kalakan taldea.

Jardunaldien gaineko xehetasunak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button