IKUS-ENTZUN

Mexikoko zientzia fikzioa, Artiumen

Mexikoko zientzia fikzioaz gozatzeko aukera izango da Gasteizko Artium zentro eta museoan asteburu honetan eta hurrengoan; orotara, lau film proiektatuko dira.

Artiumek jakinarazi duenez, zikloa Serendipia-rekin lotuta dago; alegia, Tania Candiani artista mexikarrak Praxis programarako egin duen lanarekin: “ikusleek parte hartzeko halako ustekabeko asmakizunen lantegi bat”.

Hala, larunbatean, azaroak 9, Rogelio A. Gonzalezen La nave de los monstruos (1959) filma aurkeztuko da. Venuseko emakume-inbasoreen istorioa kontatzen du; emakumeok espezimen harrak bilatzen ari dira espazioan barrena. Filma genero-uztarketa da: komedia, western-a, musikala, beldurrezko generoa, eta zientzia-fikzioa. Luis Arredondo mexikar kritikoaren hitzetan, “hainbeste nahasketa, finantzaketa urria eta teknikaren gabeziak gorabehera, istorioak aurrera ateratzea lortzen du eta azkenean emaitza pelikula on bat da, tarteka zentzugabea, baina badu 60ko urteetako mexikar zinemaren xarma”.

Igandean, azaroak 10, Alfredo B. Crevennak 1964an estreinatutako Aventura al centro de la tierra proiektatuko da. Kultuzko lana da, naif kutsuko da, eta melodrama eta beldurrezko generoa nahasten ditu, munstroa eta abestiak barne.

Hurrengo asteburuan, azaroak 16 eta 17, La horripilante bestia humana (René Cardona, 1968) eta Sleep Dealer (Álex Rivera, 2008) ikusi ahalko dira, hurrenez hurren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button