IKUS-ENTZUN

Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia, Gasteizen

Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia, Suncine, martxoaren 11tik 21era bitartean egingo da. Aurten 20. edizioa beteko du ekimenak eta 5 film luze, 3 film labur eta animazioko 5 lan labur eskainiko dituzte bost saiotan banatuta. Emanaldiak Aldabe gizarte-etxean egingo dituzte 19:00etan eta sarrera librea izango da tokia bete arte.

Saioetan “planetak ingurumen, sozioekonomia eta kultura arloetan bizi duen egoerari buruzko” begiradak eskainiko dira modu konprometitu eta kritiko baten bidez. Jaialdiaren zuzendariak, Jaume Gilek, adierazi duenez, “Suncine zinema-jaialdi bat baino askoz ere gehiago da. Gure ingurunearekiko konpromisoa izateko, aldaketa positiborako gogoeta egiteko eta gure espeziearen eta planetaren etorkizuna bermatzeko gunea ere bada”.

Gaur, martxoak 11, abiatuko da programazioa Juan Fernándezen Voices in the water dokumental argentinar-alemanarekin. “Itsasoan urtero galtzen diren arrantza intentsiboko aparailuen 640.000 tona baino gehiagok bioaniztasunerako dakarten mehatxu larria du dokumentalak hizpide”. Ondoren, Richard Zubelzuren La batalla del viento film espainiarra ikusteko aukera egongo da. Bertan, “energia berriztagarrien, erauzketa-ereduaren, logotipo berdedun enpresen zuriketaren eta horrekin lotutako oligopolioaren inguruko gogoeta” egiten da.
Asteazkenean, hilaren 13an, Egoi Susoren Amalur dokumentala eskainiko da, eta horren ostean, Urak Iawoi, Hermanos del Mar filma.
Martxoaren 14an, Amaia Aierbek eta Ion Fontenlak sortutako Zure platerean hasten da mundua lana emango da. bertan, elikadura-katearen oinarrietan gertatutako iraultzaren inguruko gogoeta egiten da.

Datorren asteko astelehenean, martxoaren 18an, Oriane Descouten Terra de mulheres film labur brasildarra, eta An Tranen For tomorrow film kanadarra eskainiko dira.
Eta azken egunean, martxoaren 21ean, jaialdiaren amaiera izango da, eta horretarako zazpi film laburrez osaturiko saioa atondu da.

Informazio gehigarria hemen topatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button