LITERATURA

Iñaki Irasizabalek “Orbe auziaren ingurukoak” kaleratu du

Iñaki Irasizabalek, atzo aurkeztu zuen nobela berri honetan, gizarteko hainbat joera aztertzeko baliatzen du hilketa baten inguruko zurrunbiloa: gurasoek beren seme-alabekin duten nora eza, bortxakeriaren eta moralaren arteko harremana, komunikabideen manipulazio eta axalkeria…

Hala doa istorioa: “Joseba Orbe idazleak, irratsaio batean, bere hurrengo liburua iragarri du, gai minbera bat ukitzen duela-eta polemika piztuko omen duena. Handik gutxira, mendi-bide batean agertuko da Orbe, modu lazgarrian hilda. Kasuak zeresana emango du, gizartean ez ezik baita hedabideetan ere, Espainiako irrati-tertulia atzerakoiak eta telebista-saio arrosak barne, baina uste ez bezalako bideak hartuko ditu ikerketak”.

“Garrantzi handia ematen diot nobela beltzak idazterakoan argumentu edo ikuspuntu desberdinak erabiltzeari, eta ardura etiko eta penalen arteko diferentziei buruzko hausnarketa egin nahi nuen kasu honetan. Horri bueltaka ari nintzela, gazteen eta helduen arteko lege tratamenduaren ezberdintasuna etorri zitzaidan burura, eta argi ikusi nuen hor istorio on bat egon zitekeela” esan du egile durangarrak

Iñaki Irasizabal Durangon jaio zen 1969an eta Zornotzan bizi da gaur egun. Kazetaritza eta soziologia ikasketak hasi zituen. Bere liburuen artean Burua txoriz beterik, Mendaroko txokolatea, Gu bezalako heroiak eta Igelak benetan hiltzen dira daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button