ARTEA

Iñaki Garmendia, German Andino eta Onintza Etxebeste, Okela-ren topaketan

Bilbon dagoen Okela Sormen Lantegiak Artisten Meeting Point-aren IX. edizioa egingo du ekainaren 2an, osteguna. Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972), Onintza Etxebeste (Oiartzun, 1993) eta German Andino (Honduras, 1985) artistek hitzaldiarekin hasiko da topaketa, 19:30ean.

Hiru artista horien lanekin ondutako erakusketa ere izango da ikusgai,  ekainaren 16ra arte, astearte, asteazken eta ostegunetan, arratsaldez. Bestalde, Mobydick musikari bizkaitarra artista gonbidatua izango da jardunaldian.

Aipatutako hiru artisten harira, Garmendiak hainbat erakusketetan parte hartu du, tartean, Cine y casi cine MNCARSen eta Després de la noticia, Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània (CCCB). Museu d’Art Contemporani de Barcelona (MACBA) eta Bilboko Museo Guggenheimen ere paratu dira bere lanak. 2003 eta 2007 urteen artean, Eat THIS Document! Proiektua antolatu zuen, Asier Mendizabal eta Marc Chandlerekin batera. “Rock dokumental sorta baten paseak Bilboko bere estudioan”.

Etxebestek Sagardotegia omen zan lana erakutsiko du erakusketan. “Mikelentxon sagardotegian izandako gertakizun bat abiapuntutzat hartuta, ahoz aho mantendu dena, gaur egungo testuinguruan barneratu du artistak, esperientziaren baitan, memoria kolektibo, espazioaren eraldaketa eta transmisioari buruzko gogoeta sustatuz”.

Azkenik, Hondurasen jaiotako Andino kazetariak Honduras: El hábito de la mordaza kazetaritza-egitasmoa aurkeztuko du topaketan, amaitu ez den komikiaren itxura duena. Bertan, kaleko istorioak biltzen dira. Kazetariak ondoko galdera proposatzen du: “Artea bere izatasunean edo esentzian subjektiboa izanik, errealitateari heltzeko eta Honduraseko pandillen historia konplexua kontatzeko ahalmenik al dauka?”

Informazio gehiago: okela.org.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button