IKUS-ENTZUN

Jean-Luc Godard zuzendariari buruzko zikloaren azken emanaldiak

Bilboko Azkuna Zentroko Zinemateka Jean-Luc Godarden (1930- 2022) filmak pantailaratzen ari da. Maiatzean bukatuko da zinemaren historiako zuzendaririk eraginkor eta berritzaileenetakoa izan den Jean-Luc Godarden figurari buruzko zikloa.

Bere lan horien bidez zinemagilearen profil desberdinak jarri nahi dira agerian: Godard zirikatzaileena, Je vous salue, Marie (1984) femeninotasunaren betierekotasunaz hitz egiteko; edota gizarte burgesarekin kritiko agertzen zen Godard, Week-end (1967) eta Pierrot le fou (1965) lanetan islatua (azken hau bere lanik ezagunenetako bat da, eta Jean-Paul Belmondo eta Anna Karina ditu protagonista); Godard politikoena ere agertzen da, 1968ko maiatzeko iraultza kulturalen ingurukoak diren La chinoise (1967) eta Tout va bien (1972) filmekin. Azkenik, beste artista batzuekin izan zuen harremanetik sorturiko lanak ere pantailan ikusiko dira, hala nola nouvelle vagueren erreferenteetako bat zen Agnès Vardak zuzendutako Visages villages (2017) dokumentalean izan zuen parte-hartzea.

Maiatzeko emanaldiak honako hauek dituzue: Visages villages (2017), maiatzaren 3 eta 4an; Sauve qui peut (la vie) (1980), maiatzaren 17 eta 18an; eta Le livre d´image (2018), maiatzaren 24 eta 25ean.

Informazio guztia Azkuna Zentroko Zinematekak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button