Iruñeko Ziudadelako Bolborategian, irailaren 29ra arte, Agustina Otero artistaren Zirkuluaren horizontea izeneko erakusketa izango duzue ikusgai.
Artistak garatutako sorkuntza plastikoko proiektu bat da erakusten dena, eta bi egoitzatan dago ikusgai: Oteiza Museoan (azaroaren 24ra) eta Iruñeko Ziudadelako Bolborategian (irailaren 29ra), Jorge Oteiza Museoa Fundazioaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzaren ondorioz.
Kasu honetan, eta askotan gertatzen den moduan, sormen prozesuan zirriborroak, ikasketak eta ikerketak obra bilakatzen dira, izan ere, askotan material horiek benetako artelan bihurtzen dira, haien merezimendu propioz. Eta hain zuzen ere, horixe da Ziudadelako Bolborategian erakusten ari dena, “prozesuari duintasuna eman eta haren faseak baloratzeko”.
Erakusketan artistaren ikerketa plastikoari lotutako formatu desberdineko hamasei marrazki biltzen ditu, “giza-buruaren azterketa formala eta estrukturala ardatz hartuta”. Ikerketa-fase horretan “akuarelaz, ikatz-ziriz, tinta litografikoz, pastelez eta sanginaz egindako marrazkiak hautatu ditu Oterok. Egurrezko sei collage ere erakusten ditu, eta azkenik, baita burdinazko hiru eskultura ere. Marrazki horietako batzuk Oteiza Museoan ikusgai dagoen lan eskultorikoaren parte dira; beste batzuk, propio sortu dira Bolborategiko erakusketarako.”
Bertan, udal espazio horretarako propio sortutako lau metro luzeko horma-marrazki handi batek egituratzen du instalazioa. Bertan, “artistak munduaren eta unibertsoaren jatorriari eta bilakaerari buruzko bere ikusmoldea islatu nahi izan du, zirkulu, lerro eta koloreen bidez buruen mosaiko bat osatuz. Zuriuneen eta buruen arteko jolas hori da, hutsaren eta zirkuluaren artekoa, Zirkuluaren horizontea erakusketaren hari nagusia”.
Erakusketaren barruan antolatutako bitartekaritza-ekintzen artean, irailaren 14an topaketa bat antolatu da Agustina Otero artistarekin eta Luis Garde poeta handiarekin.