ARTEA

Idazkera musikalaren edo partituraren idazketa

Uholdeak Uharteko Arte Garaikideko Zentroak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak bultzatutako programa artistikoa da. Proiektuak, “tokiko artisten lana ikusaraztea, Nafarroan artegintzako praktika sustatzea eta Nafarroako lurraldean zehar praktika artistiko garaikideak eskuragarri jartzea du helburu.”

Horren barruan bat bitan. Oharrak, zirriborroak, partiturak eta beste hainbat belarrirako idazkerak izena duen erakusketa eratu da, Tafalla, Altsasu, eta Agoitz herrietan ikusiko dena. Xabier Erkiziak komisariatu du.

Edizio honek “idazkera musikalaren edo partituraren idazketa hartzen du abiapuntutzat, praktika hau definizio zabalenean ulertuta, Nafarroako idazkera musikalaren tradizio historikoaren eta idazkera mota horrek beste diziplina artistiko batzuetan izan dituen eraginen zeharkako ikuspegia eskaintzeko.”

Horretarako, partituren partiturak egiteko ariketa honetan, Emilio Arrieta, Hilarión Eslava, José García Leoz, Agustín González Acilu, José Lainez, Joaquín Larregla, Fernando Remacha, Pablo Sarasate, Emiliana Zubeldia eta beste askoren lanak biltzen dira, Ramón Andrés, Elena Asins, Iñigo Astiz, Maddi Barber, Cabezafuego, Mikel Cabrerizo, Yolanda Campos Bergua, Aizpea de Atxa, Asier Gogortza, Carlos Irijalba, Jorge Oteiza eta Elvira Palazuelos Blancoren praktika artistikoetatik eratorritako materialekin batera.
Zuzeneko ekitaldien egitarau batekin osatuko da erakusketa. Bertan, Elisa Arteta, Ibai Gogortza, Uxue Lotero Torres, Pr0t0c0lectiv0 eta Maite Vélaz artista eta taldeek erakusketak osatzen duen partituren bildumaren interpretazio askeak egingo dituzte.

Erakusketa martxoaren 1etik 24ra arte Tafallako Kulturgunean izango da. Gero, martxoaren 27tik apirilaren 28ra, Altsasuko Iortia Kultur Gunean izango da, eta azkenik, maiatzaren 3tik 25era, Agoitzko Kultur Etxean erakutsiko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button