
Larunbatean, 19:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian, antzerkia izango da protagonista Ibrahima Balderen bizitza narratzen duen Miñan lanarekin.
Artedrama konpainiak Ibrahima Balderen bizitza eraman du oholtzara. Lanaren egokitzapena Timberlake Wertenbaker adituaren ardura izan da, eta zuzendari lanetan Ander Lipus aritu da. Piezan Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreak arituko dira.
Amets Arzallusek kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da Arzallusen eleberria.
Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
“Mediterraneoa zeharkatzen dutenek deshumanizatzea ezinbestekoa dute, beraien heriotzen, kanporatzeen edota ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”, Arzallusen hitzetan. Izan ere liburu honen istorioak horixe kontatzen eta azpimarratzen du, “berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera, hitz egitean han balego bezala”, argitzen du Arzallusek eleberriaren inguruko azalpenak ematerakoan.