ESZENA

Kultur maratila zikloa Leioan

Atzo, Kultur maratila zikloa aurkeztu zen Kultur Leioan, Ander Lipus (Artedrama), Ana Lopez (Kultur Leioa) eta Jon Lazkanoren (Leioako Udala) eskutik. Euskal sorkuntzari zuzenduriko ziklo hau, otsailaren 20tik 23ra luzatuko da Kultur Leioan.

Artedrama eta Kultur Leioak elkarlanean sortutako programa kultural honek antzerkia, dantza eta musika izango ditu ardatz. Hala, otsailaren 20an, Dxusturi Teatroaren Konpota lana ikusteko parada izango da. Zuzendaritzaren ardura Pablo Ibarluzeak hartu du eta Eneritz Artetxe da aktore protagonista.

Otsailaren 21ean, Ertza-Asier Zabaletaren NAN izeneko dantza ikuskizuna programatu da. NAN, dantza garaikidea, testua, bideoa eta zuzeneko musika uztartuz, nortasunaren eta nazionalitatearen mugetatik at eginiko bidaia eszeniko bat da. Iñar Sastre piano-jotzailearen laguntzarekin, herria, nazioa edo aberria bezalako kontzeptuen inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatzen zaigu dantzaren bidez.

Egun berean, Mixel Etxekopar eta Francois Rossé Transhumantzia ekarriko dute. Biak ala biak, sortzaile. Lehena, lotuta dago Euskal Herriko mendiei, artzainei eta txoriei; bigarrena, Europako tradizioari.

Otsailaren 22an, Tanttakaren eskutik, Zazpi aldiz elur lana eszenaratuko da. Zuzendaritzan Mireia Gabilondo eta Kike Díaz de Rada izango dira, eta beste partaideak Iñaki Salvador, Angel Unzu, María Berasarte Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte. Testua Bernardo Atxagarena da.

Egun berean, JB Pedradas-en eskutik Pepino ustelak (hozkailuan). Gizon bat emakume bilakatzen da publikoaren aurrean. Aulki bati esku-lotuta dago Esperanza Pino Saá (Espe Pino) izeneko emakumea.

Eta otsailaren 23an, Gabriel Aresti Kultur Elkarteak sortua, Gabrielen lekua. Olerkia, irudia, musika, bertsoa eta antzerkia, dena batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button