EZLEKUBAT

Javier Marco: “Erregistroz aldatzea atsegin dut”

Javier Marco madrildarrak Nontzefilmak film laburren lehiaketako fikziozko sari nagusia eskuratu zuen iragan maiatzaren 4an Bilbon egindako sari-banaketa ekitaldian eta proiekzioan 3 minutos izenburuko lanari esker. Elkarrekin bizitzera doan bikote baten bizikidetzaren lehenengo hiru minutuak kontatzen ditu pelikulak. Tonu umoretsua erakusten duen lana da. Teknikoki bikaina, gidoi sendoaren gainean eraikita dago. Bi aktoreen lana ere azpimarragarria da. Iazko edizioan, Marcoren La Soledad de la Luna filmak fikziozko bigarren lana jaso zuen. Bigarren lan hori, berriz, tonu malenkoniatsua duen film dramatikoa da. Izan ere, gure solaskideak erregistroz alZuzendari trebea, film luzea egiteko proiektua ere ari da lantzen.

Nola sortu zen 3 Minutos film laburra?

Filmaren beste gidoilari Belen Sanchez-Arevalok eta biok elkarrekin bizitzen hasi den bikote baten istorioa kontatu nahi genuen, bikote horrek izan zezakeen arazoak erakusteko. Egoera oso errealista bat bilatu nahi genuen, non jendea pertsonaiekin identifika zitekeen.Horretaz gainera, aktoreetan oinarritutako istorio bat egin nahi genuen. Antzezpen-borroka bat. Hortaz, filma plano-sekuentzian egitea bururatu zaitzagun.

Beraz, hasieratik pentsatu zenuten plano-sekuentzian filmatzea.

Bai. Film laburrean elkarrekin bizitzera joandako bikote baten lehenengo hiru minutu errealak agertzea nahi genuen, mozketarik gabe. Izan ere, plano-sekuentziak jarraitutasun sentsazio hori indartzen du.

Plano-sekuentziak planifikazio handia eskatzen du? Aurretik lan asko egin zenuten?

Filmaketa egunaren aurreko arratsaldean entsegu bakarra egin genuen. Izan ere, filma nire etxean egin genuen; hortaz, aktoreen mugimendu zehatzak aurretik pentsatuta neuzkan. Zailena 35 metro koadroko etxea batean filmatzea izan zen, espazio txiki horretan aktoreak eta lantalde teknikoa batera mugitu behar baitziren.

Filma planifikatzerakoan eta egiterakoan eredurik izan zenuen buruan?

Asko gustatzen zait Woody Allenek nola mugitzen dituen aktoreak, bai eta erabiltzen duen eszenaratzea ere.

Film honek Fikziozko Lan Onenaren saria jaso du aurtengo Nontzefilmak film laburren lehiaketan. Pozik sariarekin?

Oso berezia izan da. Iaz Bilbora etorri ginen La soledad de la luna film laburrarekin, eta bigarren saria jaso genuen. Aurten, berriz, sari nagusia hartu dugu. Iaz jaialdian primeran igaro genuen; hortaz, berriro Bilbon izatea zoragarria izan da.

Filmari beste saririk eman al diote?

Nontzefilmak jaialdian irabazteaz gain, 3 minutos-ek Valladolideko Seminci jaialdiko Valetudo-DVD atalean eta Madrileko Creative Commons jaialdietan lehen sariak jaso ditu. Horretaz gain, finalista izan da 50 inguru jaialditan.

Hortaz, gustura Nontzefilmak lehiaketan eta FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoan, ezta?

Bai. Gehien harritu nauena jendearen erantzun ona da. Egon naizen bi urteetan Nontzefilmak lehiaketaren proiekzioan zine aretoa bete egin da, eta jendeak asko gozatu zuen film laburrekin. FANT, berriz, entzute handiko jaialdia da estatuan.

Lehen aipatu duzu La Soledad de la Luna filmak bigarren saria jaso zuela Nontzefilmak lehiaketan. 3 minutos-ekin alderatuta, oso lan ezberdina da.

Egiten dugun proiektuetan erregistroz aldatzea atsegin dut. Erronka bat da, baina gauza ezberdinak ikasten ditut. Esate baterako, komedian eta draman erabili behar diren erritmoak oso ezberdinak dira. Gure hurrengo egitasmoa ere komedia bat da eta dagoeneko grabatua dago, Tú o yo film laburra. Garrantzitsuena motibatzen zaituen istorio bat kontatzea da, horrela %100 inplikatzen baitzara proiektuan.

Lan hauekin trebezia handia erakutsi duzu lan laburrak filmatzeko. Metraje luzeko filmak zer dakarkizu burura?

Ari gara mugitzen gure estreinako film luzea izango litzatekeen proiektua, La Promesa de Elisa. Gidoia Belen Sanchez-Arevalok egin du. Ekoizpen etxea lortzen dugun bitartean, film laburrak eta bestelako egitasmoak egiten jarraituko dugu.

Nola finantzatu dituzu zure filmak?

Nire diruarekin finantzatu ditut lan guztiak. Zortea izan dugu, eta film laburrek lortutako sariei esker inbertitutako dirua berreskuratu ahal izan dugu.

Zer egingo duzu Nontzefilmak lehiaketan lortu duzuen diruarekin?

Mila euro horiekin 3 minutos filmaren orain arteko eta hurrengo hilabeteetako banaketa gastuak ordainduko ditut.

Datorren urteko Nontzefilmak-en parte hartzeko asmoa daukazu?

Egun Tú o yo film laburraren postprodukzioa lantzen ari gara. Filmean Pepe Viyuela, Rosario Pardo, Manuel Millan eta Agustin Jimenez aktoreek parte hartu dute. Hamar minutu inguru irauten du, baina jaialdiak eskatzen duen iraupenera egokituko den beste bat egin nahi dugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button