Oiartzunen, Hitzen Lihoaren VII. edizioa egiten ari dira aste honetan, azaroaren 4tik 10era, eta aurten Gorputza gaiaren inguruan ardaztuko dute, eta “arteak eskaintzen dizkigun hainbat prismatatik begiratuko diogu gorputzari, bere esanahi askotarikoak ezagutzeko”.
“Gure arimaren bilgarria omen da gorputza. Gure ideia, amets eta bizipenen oskol. Ezinbesteko makina, bizitzeko. Mila modutara irudikatu dugu historian zehar ikus-arteetan, baita gure imaginarioan ere literaturari esker. Gorputzak izan dira, besteak beste: musa, bazterketarako aitzakia, mugimenduekin adierazteko panpina, edo museoetan sartzeko berme (biluzik, noski).
Gorputza ulertzeko modu asko daude, eta, era berean, bere esanahia aldakorra da begiratzen dugun prismaren arabera. (…) Gorputzei buruz pentsatzen dugunak nola eragiten du gure kulturan? Eragiten al du gorputzei buruz idazteko edo irudikatzeko dugun moduak? Laguntzen digute gorputzek gure errealitatea ulertzen? Gauzei begiratzeko dugun modua aldatzen dugunean, begiratzen ditugun gauzak aldatu egiten dira.”
Hala, dantza, filosofia, literatura, arte, antzerki, argazkilaritza eta bertsoaren bidez gorputzera hurbilduko dira. “Galdera berriak planteatuko ditugu, aurrez geneuzkan erantzunak zalantzan jarri eta berriak aberasteko. Elkarrizketa sustatuko dugu astebetez, herriko eta Euskal Herriko artisten, zein hurbiltzen diren haur, gazte, heldu eta adinekoen artean”.
Atzo, azaroak 4, Gorputz artean pintura-erakusketaren inaugurazioa egin zuten Landetxeko sarreran. “Gorputza gai hartuta, margolanak sortzeko proposamena egin genien Helduen Tailerretako Margolaritza taldekoei. Gorputzak, gorputz atalak, gorputzei lotutakoak, barrukoak, kanpokoak… Handik edo hemendik, gorputzari begira. Egindako lanak azaroaren 4tik 15era bitartean egongo dira ikusgai, Landetxeko sarreran”.
Bihar, azaroak 6, izango du jarraipena programazioak, eta 19:00etan, Mari Luz Estebanek idatzitako Gorputzak ginen, baina ez geunden horretaz jabetuta manifestua irakurriko da. Jarraian, Vulnerable Tryptich ikerketa-koreografikoa ikusteko aukera egongo da. Eneko Gil dantzari eta koreografoak Vulnerable Tryptich dokumentala eta ekintza artistikoa perfomatuko du.
Datozen egunetarako saioen gaineko informazioa, hemen.