ESZENA

Inguruko baldintzek gugan dituzten eraginak

Mairu antzerki taldearen Intxaurra pieza ikusteko aukera izango duzue Berako Kultur Etxean,  azaroaren 4an. Geroago, azaroaren 15ean, Nafarroako Antzerki Eskolan antolaturik dagoen Antzerki Aroa programaren barruan ere oholtzaratuko dute lan hori.

Antzezlan horretan hauxe kontatuko zaigu: “Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza du. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzti erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.
Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleratzea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan.”

Gaizka Sarasolak idatziriko piezan Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola aritzen dira aktore lanetan.

2021eko Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen lanak, eta iazko azaroan estreinatu zuten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Uemak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko helburuarekin sustatutako Arnasa Gara kanpainaren barneko beka izan zen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button